Amets Isasti eta Carlos Gomez: "Entrenatzaile izateko ametsari segika goaz Jaenera"

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 10a

C.D. Elgoibarko entrenatzaileak izan dira azken urteetan Amets Isasti Huidobro (Elgoibar, 2001) eta Carlos Gomez Alvarez (Elgoibar, 1997). Harrobiko taldeekin aritu dira lanean eta erregional mailako taldearekin ere bai. Hemen egin beharrekoak eginda zeudela sentitzen dute eta abentura berria hasi dute Jaenen, Realeb futbol taldea entrenatuko baitute Ubeda hirian. 

Ubedako (Jaen, Espainia) Club Deportivo Realeb futbol taldeak fitxatu zaituzte taldea entrenatzeko. 
Amets Insausti: Bai, halaxe da. Andaluziako bigarren mailan lehiatzen du Realeb taldeak. Hemengo Preferente Mailaren parekoa litzateke, Haundi ari dena baino kategoria bat beherago. Sortu berri dute kluba, iaztik dago martxan, eta futbol akademia moduan funtzionatzen du, ez da ohiko futbol taldea. Argentinakoa da klubeko presidentea, Pablo Nilo, eta hark jokalari gazteak ekartzen ditu bere herrialdetik. Han lauzpabost lagun dituzte, talentuen bilatzaile lanetan. Argentinako futbolean aurrerabiderik gabe geratu diren jokalariak bilatzen dituzte, 20 urteren bueltakoak, eta horiei aukera berri bat ematen diete Espainiako futbolean. Hemen maila emanez gero, talde handiagoen ateak irekitzen zaizkie. Hori du negozio Realebek, jokalariak garatzeko egiten du inbertsioa.

Hortaz, entrenatzaile lanetarako argentinar azentua landu beharko duzue?
Carlos Gomez: Hau da hau.... Andaluziako azentura ohitu beharko genuela uste genuen, eta argentinarrez hitz egiten itzuliko gara. Bost egun eman ditugu Ubedan, taldea ezagutzen, eta, azentuaz gainera, cumbia doinuetara ere ohitu beharra izango dugula konturatu ginen. Momentuz, taldean dauden hamabi jokalarietatik hamaika dira argentinarrak, eta Ekuadorkoa da bestea.

Nola iritsi zaizue aukera hau?
A.I.: Futbolean metodologiako zuzendari izateko ikastaro bat egin dut. Jokatzeko eredu edo estilo bat kirol talde batera nola eraman behar den irakatsi ziguten; hau da, estilo hori nola ezarri behar den, harrobitik hasita. Nire curriculumera erantsi eta gero, hainbat lan-eskaintza jaso nituen, bai Madrildik, Valdebebasko eta Getafeko taldeetatik, eta baita Ubedako hau ere. Honexek konbentzitzen gintuen gehien, etxea, jatekoa eta soldatatxoa eskaini zigutelako. Biok UEFA B tituludun entrenatzaileak izatea ere baloratu zuten, Europan eta Espainian talde federatuak entrenatzeko behar den oinarrizko maila profesionaletako bat baita, hirugarren garrantzitsuena. Hemen, Elgoibarren, gutxi dira titulu hau daukatenak.

Amets Isasti, David Espíndola eta Carlos Gomez izango dira Realeb taldeko hiru entrenatzaileak. C.D: Realeb

Konfort-eremutik irten eta abentura berri hau hastea erabaki duzue.
C.G.: Hemen egin beharrekoak eginda geneuzkala sentitzen genuen; ez atzera ez aurrera, trabatuta moduan geunden. Nik hamalau urte egin ditut CD Elgoibarren, eta zortzi Ametsek. Bide berriak urratzeko unea zela erabaki dugu; entrenatzaile izateko ametsari segika goaz Jaenera. Han gauden bitartean Uefa A titulua ateratzeko asmoa daukagu. Taldea entrenatzearena ondo irteten bazaugu, primeran! eta bestela ziur nago esperientzia aberasgarria izango zaigula. 

Zein da Realeb klubak jarri dizuen helburua?
C.G.: Mailaz igotzea, argi eta garbi.
A.I.: Bai, halaxe da, eta gogotsu onartu dugu erronka, anbiziotsuak gara eta. Bitxia da: Ubedan beste futbol talde bat dago, maila bat gorago, eta klubeko arduradunek hura baino gorago egon nahi dute, kosta ahala kosta, lehia handia eta ezinikusi puntu bat baitago bi taldeen artean, futbol zelaia partekatu behar dutelako, besteak beste. Gure presidentea guretzako moduko futbol zelai berri baten bila ari da Ubeda ondoko herrietan. Begiz jota ere badu lurrezko futbol zelai bat. Hura erosi, zelaia jarri eta harmailak eraikitzeko asmoa du. Hara joan-etorriak egiteko autobusak ere erosi beharko ditu.

Esan duzue Realebek akademia moduan funtzionatzen duela. Sakondu gehiago.
C.G.: Jokalariak eta entrenatzaileok lau bat pisuko etxebizitza batean biziko gara, eta elkarrekin egingo ditugu jatorduak ere, zehaztutako orduetan. Igerilekua ere badugu, eta ondo etorriko zaigu uda partean, bero itogarria egiten baitu han. Jokalariek profesionalen bizimodua daramate, ez baitute beste lanik egiten, erabat daude futbolean zentratuta. Egunean bi entrenamendu egingo ditugu. Araudia ere bete behar dute; astegunetan 23:00etarako etxeratzea, adibidez, eta 01:30erako asteburuetan. Eta zorrotz betetzen dituzte, ez baitute ez edaten, ez erretzen, ez parrandarik egiten. Familia laga, 10.000 kilometroko distantziara, eta futbolari izateko ametsa egia bihurtzeko intentzioarekin etorri dira honaino. Gure presidenteak gauza bat dauka argi, dena emateko prest dauden jokalariak bakarrik nahi ditu, arrakasta lortzeko gosez daudenak. Horregatik ekartzen ditu Argentinatik. Iaz Ubeda inguruko jokalariak ere eduki zituzten, baina konpromiso eskaxa erakutsi zuten haiek, eta seriotasun falta hori ikusita, aurten erabat argentinarren alde egitea erabaki du. Lehenengo entrenamenduetan ikusi dugu dena ematera datozela. Harrituta geratu ginen jartzen zuten grinarekin. Iaz taldean aritutako hiru jokalari ohi ere azaldu ziren entrenamendu batera. Goragoko mailetako taldeekin fitxatu dute eta hori ikusita euren ahaleginak emaitza eman dezakeela ikusten dute. Urtean 36.000 euro inguruko eskaintzak eta jasotzen ari dira.

Ematen duenez, dirua ez da arazo klubarentzat.
A.I.: Inbertsio handia egiten ari dira, bai. 
C.G.: Pentsa, denboraldi aurreko partida bat jokatzera hona, Elgoibarrera, etortzea aztertzen ari dira, Haundiren aurka jokatzeko, horrek duen kostu guztiarekin. Ideia hori gauzatzen bada, handia izango litzake Mintxetan sortuko zatekeen giroa. Jende askok jakin du Jaenera goazela, oihartzuna eduki du, eta denak dauzkagu galdezka.

Carlos Gomez Realeb taldearen aurre denboraldiko entrenamendu batean, Ubedan. CD Realeb