Alain Santamaria eta Ana Hernandez izan ziren azkarrenak Valdezkarayko aparkalekutik abiatu eta helmuga San Lorentzo mendiaren gailurrean -2.271 metro- zuen Valdezcarayko kilometro bertikalean.
Emakumezkoen lasterketan 14 minutu eta 29 segundoan osatu zuen igoera Toledoko antxitxikari Ana Hernandezek, egungo Espainiako txapeldunak. Bi minutu eta 46 segundo gehiago erabili zituen bigarren postuan sailkatu zen Lourdes Cantak eta hiru minutu eta 37 segundo gehiago Ainhoa Lendinezek. Morkaiko mendi taldeko ordezkariak 36 minutu eta sei segundoan egin zuen igoera. Lendinezek azaldu duenez, San Lorenzoko tontorreraino "sentsazio oso onak" eduki zituen, eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin. Inguru horretan korrika baino eskiatzen ibiltzera ohituago dagoela dio. Igoera bertikal honen berezitasunetako bat da, hain justu ere, ikusleek teleaulkitk jarraitu dezaketela lasterkarien parte hartzea, haien buruen gainetik igarotzen diren bitartean.
Gizonezkoetan erakustaldia emanez gailendu zen Alain Santamaria, 24 minutu eta 30 segunduko denbora eginda. Lau minutuko aldea atera zion bigarren egin zuen Angel Marugani eta 4,17 minutukoa Aitor Gonzalezi.
Demanda mendilerroan aurreko ostegunean piztutako baso-sute baten ondorioz, airean egon zen proba. Suhiltzaileek, baina, proba jokatu behar zen egunean, zapatu goizean, lortu zuten sutea egonkortzea.
