Julen Urruzola: "Gutxi izango dira bi igoera jarraian bizitzeko aukera eduki duten jokalariak"

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 17a

Julen Urruzola, orain arte jokatu duen taldeetako elastikoekin: Sanlo, Bidasoa, Alicante eta Valentziako Puerto Sagunto.

Eskubaloian goi mailan dihardu Julen Urruzolak (Elgoibar, 2002), 2020an Irungo Bidasoa taldearekin Asobal Ligan debuta egin zuenetik. Azken bi urteak bereziak izan dira Asobal Ligarako bi igoera bizitzeko aukera eduki baitu. Orain arte egin duen ibilbidearen errepasoa egin du BARRENArekin.

-BM Guadalajara taldean arituko zara datorren denboraldian, Zilarrezko Ohorezko Mailan.
Bai. Valentziako Fertiberia Puerto Sagunto taldearekin Asobalera igotzeko playoffak jokatu baino lehenago sinatu nuen Guadalajara taldearekin, orain dela gutxi iragarri duten arren. Puerto Saguntok kontratua berritzeko eskaintza egin zidan arren, ikusi nuen nire posizio berean jokatzeko jokalari bat fitxatu zutela. Orduan, aurrea hartu eta beste talde batekin fitxatzea erabaki nuen, Alacanten gertatu zitzaidana berriro ez errepikatzeko. Protagonista naizela sentitu nahi dut, eta hori eskaini ahal didan talde baten bila hasi nintzen. Halaxe esan nion nire agenteari ere: Ez zait horrenbeste axola Asobaleko edo Zilarrezko mailako talde batean den, jokatzea da nahi dudana. Eta horretarako aukera handienak Guadalajaran izan nitzakeela erabaki genuen. Besteak beste, nire posizioan jokatzen duten jokalaririk gabe geratu direlako. Niri buruzko iritzi eta informe onak jaso dituztela esan didate Guadalajarakoek, eta nigan konfidantza dutela. Taldeko entrenatzaile Juancar Requena ezagutzeari ere eman diot garrantzia, entrenatzaile izan bainuen junior mailako Espainiako selekzioarekin aritu nintzenean, 15-16 urte nituenean. Hortaz, gogoz noa Guadajajarara, desio ditudan minutu horiengatik borrokatzera. Alabaina, nire buruari presio handiegirik jarri gabe noa, gozatzea nahi baitut. 

-Asobal mailatik jaitsi berri da Guadalajara. 
Bai, azken urteetan igo eta jaitsi ibili da, beti mugan. Zilarrezko Ohorezko Mailan aritzeko talde ona da, baina Asobalen lehiatzea kosta egiten zaio, duen aurrekontu apalagatik, gainerakoekin konparatuta. Halere, Guadalajaran errotuta dagoen kirola da eskubaloia, tradizio handiko taldea da, zale leialak dituena.

-Igoerak lortzen espezialista bihurtu zara. Iaz EON Alicante taldearekin igo zinen Asobal ligara, Espainiako maila nagusira; eta aurten Valentziako Fertiberia Puerto Sagunto taldearekin lortu duzu igoera. Guadalajarakoek ere nahiko dute zu haien talismana izatea.
Halaxe suertatu da bai. Iaz Alicanterekin Asobal ligara igo ostean, han jarraitzea zen nire asmoa, baina liga hasiera kaskarra egin genuen Asobalen, eta bota egin zuten gure entrenatzailea [Toni Malla], hain justu nigan konfiantza zuena. Entrenatzaile berriarekin goitik behera aldatu zen nire egoera, eta apenas jokatu nuen bizpahiru hilabetetan, basuraren minutuak deitzen diren horiek, eta ezer gehiago. Ez nengoen batere gustura egoera horretan, niretzat oso garrantzitsua baita talde barruan garrantzitsua naizela sentitzea, eta han ez nuen horretarako aukerarik ikusten. Ez nuen urte oso bat jokatu gabe igaro nahi. Orduan, martxoan, Puerto Sagunto Valentziako taldera joateko aukeraren berri izan nuen, eta onartzea erabaki nuen. Aukera ona zela iruditu zitzaidan, bigarren postuan baitzeuden ligan eta igoera lortzeko aukerak zituzten. Aukera horiek indartzeko asmoz fitxatu ninduten, eta mailaz igotzea lortu genuen. Ezin nuen sinetsi. 
Banekien igoera lortzeko aukerak izan bagenituela, baina nire helburu nagusia denboraldiko azken bi hilabeteetan kantxan neukan dena ematea eta han edo beste nonbait kontratu on bat lortzea zen. Eta halaxe izan zen, minutu asko jokatu nituen eta iritsi ziren eskaintzak. Eta igoera lortzearena pastelari ginda jartzea modukoa izan zen. Gutxi izango dira bi igoera jarraian bizitzeko aukera eduki duten jokalariak.

Igoera lortzeko moduak desberdinak izan dira, baina, ezta?
Bai. Iazkoan, Alicanterekin, Burgosen jokatu genuen igoerarako partida erabakigarria. Elgoibartik joan ziren familiakoak eta lagunak partida hura ikustera, eta are bereziagoa egin zuen horrek. Haiek harmailetan egoteak are gehiago motibatu ninduen. Konfiantza handia dut lagunengan eta gauzak oker doazenetan ere esan egiten diet, eta beti ematen dizkidate aholkuak eta babesa. Aurten lortu dugun igoera ere polita izan da, oso, baina bestelakoa, gure kantxan jokatutako azken partidan lortu baikenuen igoera, harmailak gainezka zirela. Hortaz, iazkoan aurkarien etxean jokatuta, harmailak isilaraztea lortu genuen. Aurtengoan, zaleen aurrean, haiek piztu genituen. Igoera lortzeko bi modu; biak politak.

-Zein dira zure ustez desberdintasun nagusiak Zilarrezko Ohorezko Maila eta Asobal Ligaren artean? 
Ezberdinak dira. Asobalen taktikak pisu handiagoa du, jokoa garbiagoa da nolabait esatearren, egituratuagoa. Aldiz, Zilarrezko mailan nahasiagoa da jokoa, borroka gehiagokoa. Halere, Errege Kopan murriztu egiten da aldea, Asobaleko taldeek behekoen etxean galtzea ez baita horren arraroa. Kantxa beroak izaten dira eta zaleen babes horrekin parekatu egiten dira indarrak. 

-Guadalajararekin Euskal Herrira bueltatzeko aukera izango duzu Ligan, ezta?
Liga Zaragozaren aurka hasiko dugu haien etxean, eta bigarren jardunaldian jokatuko dugu etxeko lehen partida, mailaz igo berri den Amenabar Zarautz taldearen aurka. Hortaz, bigarren itzuliaren hasieran Zarautzen jokatzeko aukera izan dezaket, bai.

-18 urterekin, Irungo Bidasoa taldearekin egin zenuen debuta Asobal ligan, pandemia betean, 2020an. Sei urte igaro dira ordutik. Zertan aldatu zara ordutik hona?
Orduan baino askoz ere independenteagoa naiz orain. Gaztea eta esperientzia gabea nintzen duela sei urte, baina gauza asko bizitzeko aukera eduki dut azken urteotan. Zentzudunagoa egin naiz, heldutasuna lortu dudalako. Une zailak hobeto kudeatzen ikasi dut. Adibidez, ikusten baduk ez nautela nik uste bezain beste baloratzen, nik neuk hartzen dut horri buelta emateko erabakia.
Sanlotik 18 urte nituenean joan nintzen Irungo Bidasoara. Lehen taldekoekin entrenatzen nuen arren, jokatu Bidasoako bigarren taldearekin egiten nuen, sasoi hartan Alcorta zegoen maila berean, 1. nazional mailan. Denbora gutxian aurrerabide handia egin nuela uste dut, baina minutuak behar nituen eskarmentua hartzeko. Halakoetan gazteekin egin ohi duten moduan beste talde batera bidali ninduten, lagata jokatzeko, nire kasuan Alacantera. Urrats handia izan zen hura nire kirol ibilbidean eta baita bizimoduan ere. Familia eta lagunengandik urrun joan behar izan nuen estreinakoz. Irunen bi astean behin etortzen nintzen etxera. Gainera, Asobal ligara igo nahi zuen talde batera joan nintzen, eta igarri nuen presio hori. Nahiko ondo eraman nuen dena eta denboraldi oso polita izan zen niretzat. 20-21 urterekin ezagutu nuen zer den eskubaloi jokalari profesionala izatea, niretzat arrotza zen ingurune batean, bakarrik. Nire buruari erakutsi nion ondo moldatu nintzela. Orduan, lagapenaren ostean Alicanterekin fitxatzea erabaki nuen, han oso gustura nengoelako. Bizi nintzen lekua oso ondo zegoen, entrenatzeko instalazioak ere oso egokiak ziren, entrenatzailearen konfiantza nuen, eta giro ona geneukan taldekideen artean; denak bat egin zuen. Hasieran gogorra egin zitzaidan arren, aurrera egin nuen. 
Selekzioarekin egin nituen bidaietan ere asko ikasi nuen, irakaspen aberasgarria baita leku desberdinetako jendearekin ibiltzea. Gogoan dut harrituta geratu nintzela Bartzelonako jokalariek egunero entrenatzen zutela jakin nuenean, batzuetan egunean bi entrenamendu eginda. Elgoibarren astean hiru entrenamentu egiten nituen nik sasoi hartan. Selekzioarekin aste guztian entrenatzen genuen, goiz eta arratsaldez, eta jota bueltatzen nintzen, ibili ere ezinda. 

Julen Urruzola 2020ko argazkian eta joan den astean. BARRENA

-Fisikoki ere ez zara orain sei urte BARRENen elkarrizketatu genuen mutil argal hura.
Bai, Bidasoara joan nintzenean bi metrotik gora neurtzen nituen dagoeneko (2.04 metro neurtzen ditu orain) baina 92 kilo pisatzen nituen, argal nengoen nire altuerarako. Orain 110 kilo pisatzen ditut, baina hartutako kilo horiek gimnasioan egindako lanaren emaitza dira, giharretan irabazitako pisua. Hasieratik argi nuen gorputza prestatu eta eskubaloian jokatzeko egokitu behar nuela, kontaktu askoko kirola baita eskubaloia. Minduta bukatzen ditut partidak, beti daukagu min ematen digun gorputzeko atalen bat. Sagunton gurekin jokatzen zuen piboteak adibidez, 38 urte zituen eta entrenatu ere ezin zuen egin minengatik, eta partidetarako erreserbatzen zen. Eskubaloian jokatuko ez balu aldakan protesi bat jarriko ziola esan zion medikuak. Hari atseden emateko eraman ninduten ni taldera. Ez litzaidake hala bukatzea gustatuko. Horrekin lotuta, eskubaloian jokatzeari lagatzerako ere ari naiz prestatzen, eta ADE ikasketak (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua) egiten ari naiz. Hirugarren urtean noa, presarik ere ez baidaukat ikasketak bukatzeko, eta ez da erraza eskubaloia eta ikasketak uztartzea. Kiroletik deskonektatzeko ere ondo datorkit ikasken aritzea. 

Nondik datorren gogoan du Urruzolak. Argazkian Sanlon jantzi zuen kamisetarekin. BARRENA