Elgoibar, Zubieta eta ametsak hizpide Luken Beitiaren eta Markel Bergararen arteko solasaldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 21a

Markel Bergara eta Luken Beitia Zubietan. Real Sociedad TV

Markel Bergarari erreleboa eman dio Luken Beitiak Realean. Elgoibartarrak izateaz gainera, bestelako loturak ere badituzte, eta horien inguruan berbetan aritzeko batu ditu biak Real Sociedad TVk.

Markel Bergarak 33 urterekin hartu zuen erretiroa futboletik, 2020an. Getafeko jokalaria zela laga zuen futbola, urte gehien Realean eman bazituen ere; hamar denboraldi. Realean jokatu duten jokalari elgoibartarren zerrenda luzeko azkena izan zen Markel Bergara, harik eta Luken Beitia iritsi den arte. 22 urteko atzelariak oraintsu berritu du Realarekin zuen kontratua.

Real Sociedad TVk Zubietan elkartu ditu Beitia eta Bergara, batzen dituenaz berba egiteko. Biek oso gazte zirela hasi zuten futbol ibilbidea Zubietan, eta harrobiko maila guztietatik igaro ziren. Bergarak ibilbide bikaina egin zuen bere bihotzeko taldean. Beitiak amets horixe du, Realean ibilbide ahalik eta oparoena egitea. Eta ametsa egi gauzatzeko ahalegin horretan dihardu, lehen taldean tokia irabazteko borrokan, beste hainbat gaztek moduan.