Sartu dituzte Urazandiko mendi-hegala egonkortzeko lehen piloteak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 22a

Errezabal adinekoen egoitza eraikiko duten ingurua egonkortzeko obra osagarriak aurreikusitakoaren arabera doazela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.

Inguruaren azterketa geologikoa egin eta gero, eremua egonkortzeko modua zehaztu zuten, eta, horren barruan, pilote segidaz osatutako bi pantaila osagarri eraikitzea erabaki zuten: lehenengo pantailak etxebizitzen eta bidearen inguruko eremua egonkortuko du. Uztailaren 13an hasi zituzten lan horiek egin ahal izateko aurrelanak, eta atzo sartu zuten lehen pilotea, makina zulagailu berezi bat erabilita.

40 zentimetroko diametroa dute Urdinberri enpresako beharginek sartzen diharduten hormigoi armatuzko piloteek, eta 20 metrorainoko sakonera izango dute zenbait puntutan. Lurrean zuloa egin ostean, hormigoiaz betetzen dute, eta amaieran altzairuzko armadura-kaiola bat sartu. Datozen egunetan pilote mordoxka bat sartuko dituzte bata bestearen segidan. Pisu guztia geruza sakon eta gogorragoetara transmititzeko erabiltzen den zimentazio sakoneko teknika bat da piloteen hau.

Udaletik adierazi dutenez, lehen pilotea egin ondoren eta aurreikusitako egiaztapenak egin ondoren, "neurketek lanen fase honetarako aurreikusitako portaera berretsi dute".

Lehenengoaren ostean eraikiko duten bigarren pantailak, berriz, mendi-hegal osoaren egonkortasuna bermatuko du, gutxi gorabehera 1,20 metroko diametroa izango duten pilote segida jarriz. Bi jarduketak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, lurra pitzatuta dagoelako goiko puntatik ibairaino. Ondo bidean, lanok irail hasierarako amaitzea aurreikusi dute.

Errezabalgo egonkortze-lanei buruzko informazio osoagoa BARRENA aldizkariko 23. zenbakian