Errezabalgo obraren ondorioz Urazandi auzoan eta hainbat etxetan sortu diren kalteek ezinegona sortu dute bizilagunen artean. Bizilagunak kezkatuta daude, eta batzuk, beldurtuta ere bai. Hala erakutsi zuten atzoko bileran.
Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren informazio-bilera egin zuten atzo Urazandiko bizilagunekin, Errezabal egoitzaren proiektuaren bilakaerari buruzko informazioa partekatzeko (Joan den urtarrilean ere egin zuten era honetako beste batzar bat). Auzokide batzuentzat oraingo bilera hau "berandu" etorri da, baina Maialen Gurrutxaga alkateak eman zuen horren arrazoia: "Informazio guztia eskuartean izan arte itxaron dugu bilera egiteko, ahalik eta informazio zehatzena eman ahal izateko".
Bileran, azken hilabeteotan egindako lanen berri eman zuten eta aurrera begira egin beharreko lanak ere azaldu zituzten lehenengo, eta ondoren, galderen tartea zabaldu zuten.
Egindako lanak
Urdanbide enpresako ordezkariak emandako azalpenen arabera, apirilean lurra egonkortzeko lanak hasi zituztenean konturatu ziren uste zutena baino ezegonkorrago zegoela lurra. Mikropiloteak jartzen hasi ziren, baina hala ere, lurrak mugitzen jarraitzen zuela ikusi zuten. Maiatzaren 4an obra geratzea erabaki zuten. Hiru geologo talde kontratatu zituen Urdinberri enpresak eta haiek egindako ikerketen emaitzak ikusita, hartu dituzte aurrera begirako erabakiak.
Jarraipen horren ondorioz, talde teknikoek lurzoruaren ezaugarri geoteknikoak sakonago ezagutzeko beharra identifikatu zuten, aurreikusitako lanekin jarraitu aurretik. Horregatik, irizpide teknikoetan oinarrituta, azterketak zabaltzea eta, aldi berean, mendi-hegala indartzeko betelanak egitea erabaki zuten, analisia osatu bitartean.
Udalak, bere partetik, beste geologo bat kontratatu zuen, enpresak emandako txostenak interpretatu eta beste iritzi bat edukitzeko. Bileran parte hartu zuen Igor Rebollo geologoak, eta hark ere baieztatu zuen Errezabalgoa terreno oso konplikatua dela. Segurtasun neurrien koefezienteak ere azaldu zituen, eta egungo egoera obra hasi zenekoa baino hobea dela adierazi zuen, eta gaineratu zuen, obra amaierarako 1,5eko indizera iristea zela helburua. Zehazki, obra hasi aurretik 1,05ekoa zen koefiziente hori, egun 1,13koa da, ingurua lurrarekin egonkortu ostean 1,20koa izatea aurreikusten dute, eta azken helburua 1,50era iristea da. Koefizientea 1etik beherakoa bada ez da segurutzat jotzen. Rebolloren iritziz, Urdinberri enpresak diseinatu duen kontignentzia plana "oso ona" da, eta segurtasun "berme guztiak" ditu. Kalkulu oso zehatzak egin dituztela adierazi zuen, eta oso modu kontrolatuan dihardutela lanean gaineratu zuen.
Aurrera begirakoak
Egindako azterketei esker, eremua egonkortzeko modua zehaztu dute, eta horren barruan, bi pantaila osagarri eraikitzea erabaki dute: lehenengo pantailak etxebizitzen eta bidearen inguruko eremua egonkortuko duela azaldu zuten, tokiko egonkortasuna bermatzeko; hirugarren pantailak, berriz, mendi-hegal osoaren egonkortasuna bermatuko duela esan zuten. Bi jarduketak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, lurra pitzatuta dagoelako goiko puntatik ibairaino.
Egonkortzen lan horiek datozen bi hilabeteetan egingo dituzte, eta horrek auzoan eragingo dituen aldaketen berri eman zuten. Datozen egunotan jarriko dituzte auzoan zehar beharrezko seinalizazioak, eta lanak uztailaren 13an hasiko dira. Ondo bidean, iraila hasierarako amaitzea aurreikusi dute.
Lan horiek egin ahal izateko, errepide zati bat itxiko dute, eta ondorioz, trafikoak norabide bikoitza izango du. Kalamua Kaletik gora egin beharko dute ibilgailuek Urazandi kaleraino, eta han berriz buelta hartu beharko dute. Auzotik irteteko, bestalde, Maalako biribilgunea erabili beharko da.
Horrek aparkalekuen berrantolaketa bat egitea ekarri du, 67 aparkaleku kendu beharko dituztelako. Udaletik aurreratu zuten DMPko aparkalekua datozen egunotan zabalduko dutela, eta obrak iraun bitartean Herri Eskolan aparkatzeko aukera ere emango dutela. Hortaz, 97 aparkaleku berri egongo direla azaldu zuten, gaur egun baino 30 gehiago.
Auzotarren kezkak
Azalpenen ostean auzotarrei eman zieten hitza, eta galdera gehienak ildo beretik joan ziren. Auzotarrak kezkatuta daude lursailaren mugimenduek sortu dituzten arrakalekin eta baita etxeetan dituzten kalteekin. Pitzadurak dituzte fatxadetan zein etxeetan, errepidea hondoratu egin da kamioien joan-etorriarekin, etxe arteko dilatazio juntak asko handitu direla ere esan zuten zenbait bizilagunek eta hortik ura sartzen zaiela.
Horren harira, pitzaduren protokoloa martxan dutela azaldu zuten Udaletik. Iaz joan ziren teknikariak etxeetako pitzadurak ikustera, urte hasieran ere egin zituzten bigarren bisitak, eta datorren astean berriz joango direla jakinarazi zieten bizilagunei. Alde horretatik, lasai egoteko mezua zabaldu zuten Udaleko arduradunek, eta obra amaitzen denean kalte horiek guztiak konponduko zaizkiela agindu zieten bizilagunei.
Informazio falta eta pitzaduren protokoloko bisitak
Informazio falta ere salatu zuten auzokideek. Egun batetik bestera lurrez beteriko ehundaka kamioi iristen hasi ziren auzora, eta inork ez ziela horren azalpenik eman leporatu zieten Udaleko arduradunei. Horren kontura, bizilagunekin etengabeko komunikazioa mantenduko dutela eta prozesuaren fase bakoitzean jarduketen bilakaeraren berri ematen jarraituko dutela adierazi zuten. Komunikazioa bermatzeko pertsona bat kontratatu dute, eta harekin harremanetan jartzeko bideak eman dituzte: 663 035 484 telefonora deitu edo mezua idatzi daiteke a.esnaola@urdinberri.com helbidera.
Udaletik jakinarazi dutenez, pitzaduren protokoloaren barruan, bisita txanda berri bat egingo dute uztailaren 7an eta 9an. Bisita horietan, teknikariek etxebizitzetan dauden pitzadurak aztertu eta dokumentatuko dituzte, eta notario aurrean jasoko dute egindako lana, "etorkizunean erreferentzia tekniko gisa balio izateko". Txanda berri honetan parte hartu nahi duten guztiek aukera izango dute, baita aurreko txandetan jada parte hartu zutenek ere. Parte hartzeko, enpresarekin formulario baten bidez izena eman beharko da.