Ibon Serrano: "Ez nuen parranda hutsa irudikatu nahi; beste zerbait nahi nuen, umore puntu bat"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko abuztuaren 8a

Ibon Serrano kartela eskutan.

Sanbartolomeetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu zuen Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak, eta aurten Ibon Serrano Lasa izan da irabazlea.

 800 euroko saria jaso du, Erraldoien abentura berria: dantzatik sokamuturrera izeneko lanagatik. 

Arantxi eta Ion erraldoiak zezenaren aurrean jarri dituzu korrika. Nola bururatu zitzaizun ideia hori?

Inspirazio bila hasi nintzen, eta saiatu nintzen Elgoibarko jaietan arrakasta duten elementuak identifikatzen. Ez nuen parranda hutsa islatu nahi; beste zerbait irudikatu nahi nuen. Nolabait esateko, alaitasun garbi bat edo, umore puntu batekin. Sokamuturra ekitaldi arrakastatsua da hemen, eta erraldoiak Elgoibarko ikur bilakatu dira azkenaldian. Baina ez nituen erraldoiak erraldoi moduan sartu nahi irudian; zerbait organikoagoa edo biziagoa egin nahi nuen. Mugimendua eman nien, eta zezenaren aurrean jarri ditut korrika. Horrez gain, Mauxi buruhandi txikia ere sartu dut, txaranga... Jai giroa islatzeko elementuak ere gehitu nituen; puxikak, esaterako. Horrekin guztiarekin argi dago Elgoibarko jaiak direla, baina, hala ere, zalantzarik ez geratzeko, herriko plaza marraztu dut atzean; udaletxea, eliza eta Karakate. 

Badaukazu kartel lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik?

Ez, estreinako aldia izan da. Ingurukoek animatu ninduten parte hartzera, eta probatzea erabaki nuen. Ez nuen espero irabaztea, eta sorpresa izan zen. Egia esanda, ez nago ohituta gauzak irabaztera, eta poza eman dit saria eskuratzeak. Gustatu zait kartel lehiaketen modalitate hau, eta, agian, aurrerantzean animatuko naiz beste lehiaketa batzuetan parte hartzen. 

Zein estiloko irudia sortu duzu?

Marrazkilari afizionatua naiz, eta saiatzen naiz askotarikoak lantzen. Beti estilo bera marrazten aspertu egiten naiz, eta gustatzen zait esperimentatzea, baina, batera edo bestera, beti agertzen da nire marka; ez dakit hori ona edo txarra den, baina hala da. Azkenaldian, trazu garbiekin egindako marrazkiak gustatzen zaizkit. Kolore solido edo trinkoekin eginiko komiki estiloko irudiak sortzen ari naiz, komiki franko belgikar estiloan. Tintin eta Spirou komikietako pertsonaietan inspiratu nintzen. Kontuan izan nuen kartela baino gehiago egitarauaren azalerako irudia izango zela, eta funtzio hori betetzeko estiloa eman nion. Liburuxka baten azala izateko marrazkia egiten saiatu nintzen, komiki bat zabaltzeko balio duena. Aldi berean, kartel moduan horman jartzeko ere balio du, baina portada bat egitea zen nire asmoa.  

Nolakoa izan da irudia sortzeko prozesua?

Zirriborroak eskuz egin ditut, baina akaberak eta konposizio prozesua tabletan egin dut, Procreate programarekin. Margotu programarekin egin nuen, baita efektuak eman ere. Baina dena nik sortua da, adimen artifizialik gabe.