Lanbidez muntatzailea da, Lanbin, baina afizioz trikitilaria da Oier Baltzola. Baserritarren Egunean irtengo dira Baltzola eta Lagunak kalera.
Noiz eta nola hasi zinen trikitia jotzen?
9 urterekin hasi nintzen, Musika Eskola zaharrean, Xabier Alberdi Zabale-rekin. Anaia ere nirekin batera hasi zen soinu eskoletan, baina berehala laga zuen hark. Gero, panderoa ikasten hasi zen, Luisekin, Xabierren aitarekin. Musika Eskolan ikasi nuen solfeoa, baina gogoratzen naiz garai hartan ez zeudela trikitirako partitura asko, eta kanta gehienak geuk ateratzen genituen, belarriz.
Nondik datorkizu trikitirako zaletasuna?
Aitonak soinu handia jotzen zuen. Eibartarra zen eta hango erromerian jotzen zuen. Oso trikitizalea zen, eta ume-umetatik eramaten gintuen erromerietara. Elgoibarren hasi zirenean trikitia erakusten, izena eman nuen.
Baltzola Anaiak bikote bezala irten zineten plazara.
Bai, plazara eta txapelketetara. Urte pila egin genituen lehiatzen, eta txapel asko irabazi genituen. 21 urtez azpikoetan ibili ginen, eta irabazi genuen behin baino gehiagotan Euskal Herriko txapelketa, Zarauzkoa... Gero, lanean hasi ginen, eta, gainera, nagusien txapelketak urte askoan etenda egon ziren; beraz, lehiatzeari laga egin genion. Auzoko festak alaitzen eta erromerietan jarraitu genuen, baina orain dela 15 bat urte anaiak esan zidan ezin ziola asteburuetako erritmo hari eutsi. Hiru ume dauzka, aroztegia... Gaur egun, Unai Andonegi mendaroarrarekin ibiltzen naiz. Denbora pila bat eskaini diot trikitiari. Orain, gutxiago, baina txapelketa sasoian egunean lau orduz ere jotzen nuen. Piezek perfektu irten behar zuten! Tarteka jaisten naiz garajera entseatzera, baina ez dauka lehengoarekin zerikusirik.
Anaiarekin jotzen zenuen garaiko zein oroitzapen dituzu?
Txapelketa munduarekin oroitzapen oso onak ditut, baina oso txarrak ere bai. Ahalegin handia eskatzen du txapelketak, eta gauzak ez ziren beti ondo irteten. Txapelketak bere alde onak eta txarrak ditu. Bestela, erromerietako oroitzapen onak ditut. Hemezortzi hilabeteko aldea daukagu, eta beti elkarrekin ibiltzen ginen. Txapelketak alde batera utzi genituenetik, gozamena da trikitia.
Zelan daude trikiti erromeriak?
Leku zehatz batzuetan berpizten ari direla esango nuke. Elgoibar eta gure ingurua, esaterako, ez da oso trikiti-zalea, baina beste leku batzuetan tradizio handia dago, eta gazte trikitizaleak ere badatoz atzetik. Arizterrazuko plaza nabarmendu nahiko nuke, azken urteetan indar handia hartu du-eta hango erromeriak. Gainbeheran egon zen urteetan, baina han inguruko gazte asko joaten dira orain Arizterrazuko erromeriara, eta Elgoibarko jendea ere joaten da. Negu partean izaten da, batez ere, eta aurten otsailaren 14an han jo genuen guk. Azken erromeria Tapia eta Leturiak egiten dute, eta jende pila batzen da. Jendeak dantzan egiten du, eta hori ikustea niri asko gustatzen zait.
Arizterrazukoarekin batera, zein beste lekutan gozatzen duzu, bereziki?
Andoaingo San Esteban auzoko erromeria ere berezia izaten da. Aspalditik joaten naiz hara, eta orain dela bost bat urte proposatu zidaten Jai Batzordekoek trikiti maratoia egitea. Ordubete jarraian trikitia jotzea proposatu zidaten, eta egin genuen. Desberdina izan zen eta arrakasta izan zuen. Gero, hiru ordukoa egitea eskatu zidaten, baina hori gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Erabaki genuen hiru trikitilari bikote joatea eta bakoitzak ordubetez jotzea, etenik gabe. Kronometro handi bat jartzen dute, eta jendeak dantzan egiten du, hiru orduz. Epaimahaikideak ibiltzen dira begira, eta amaieran garaikurra ematen diote denbora gehien eta ondoen dantzan egin duenari. Oso berezia eta polita izaten da. Horrez gain, Elgoibarko baserri-auzoetan ere izugarri gozatzen dugu, baita kalean ere. Gabon zaharreko Feria Egunean eta sanbartolomeetako Baserritarren Egunean jotzen dugu kalean, eta jende asko inguratzen zaigu.
Baserritarren Egunean Baltzola eta Lagunak irtengo zarete.
Bai; Udalak diruz laguntzen digu egun horretarako trikiti taldea sortzeko, eta baita Gabon zahar egunerako. Ni arduratzen naiz taldea osatzeaz, eta jai giroan ibiltzen gara. Eguraldia klabea izaten da kalera irteten garenean. Tokatu izan zaizkigu egun euritsuak, aterpean sartu beharrekoak, plastikoekin... baina eguraldi onarekin, oso polita izaten da. Trikiti doinuak eta jai giroa eskutik datoz, eta giro oso ona sortzen da.
Jaiak nola bizi dituzu?
Gustatzen zaizkit sanbartolomeak. Alabak festetan egon nahi izaten du, eta gaur egun 23rako etortzen gara: zezena, pilota... Oso ondo pasatzen dut festetan.

