Abuztuaren 22an beteko ditu Elgoibarko Gazte Asanbladak 40 urte, eta urtemuga hori baliatuko dute Gune Askean jaiei hasiera emateko. Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako, eta goizean goizetik ekingo diote gazteek egitekoari. Gune Askean ohi duten moduan, jaia eta lana uztartuko dute, betiko lez, eta erreka garbitzearekin hasiko dute eguna. Arratsaldean iritsiko da jaia. Txupinazo alternatiboa botako dute, eta, hain zuzen ere, hurrengo zapatura arte ekintzaz beteko da Maalako parkea.
Berrikuntza, Wazemank
Berrikuntzen artean, Wazemank maratoia aipatu beharra dago aurten. Eibartarrei kopiatutako ideia batetik abiatu da ekimena, eta saiatzen ari dira Elgoibarrera ekartzen. Aurrez grabatutako bideo batzuen proiekzioa izango da, elkarrekin barre egiteko.
Komunitatea sendotzea
Jaiaz harago, Gune Askean komunitatea sendotu eta ehuntzea dute helburu ekitaldi guztiek zeharka. Autogestioan oinarritutako filosofia da nagusi, eta inolako dirulaguntzarik gabe prestatu dute aurten ere egitaraua, boluntarioen denbora, dedikazio, izerdi eta borondatearekin. Jaietan biltzen duten dirua Jai Batzordeko kide diren eragileen artean banatzen dute. Era berean, Gune Askea ez dela mugimendu edo antolakunde politiko jakin batekin lerratzen azaldu dute, baina horrek ez du Jai Batzordea apolitiko egiten. "Gune Askea instituzioetatik kanpo edo instituzioekiko aske baino antolatu ezin den espazio bezala ulertzen dugu, eta helburua norbanako bakoitzaren askatasuna da", adierazi dute antolakuntzakoek. Izaera feminista, antirrazista, abertzalea... ditu Gune Askeak, eta ez dute onartuko hori oztopatuko duen inor: "Espazio honek denon askatasuna bermatu behar du, eta inork jarrera zapaltzailea duen bakoitzean eskubide hori urratu egiten da; genero, azal kolore, hizkuntza eskubide edo dena delako kontuekin".
EGITARAUA
LARUNBATA 22, GAZTE ASANBLADAREN 40. URTEURRENA
09:30 Erreka garbiketa eta txosnen muntaia.
19:30 Txupinazo alternatiboa.
Jarraian, Kittu taldearekin erromeria ibiltaria, Kalegoen Plazatik Gune Askera.
21:30 Slide taldearen kontzertua.
22:30 Gazte Asanbladaren 40. urteurreneko ekitaldia.
Jarraian, kontzertuak: Emepebo5t eta Ufal.
IGANDEA 23
15:00 Euskal presoen eta iheslari politikoen eskubideen aldeko bazkaria.
Jarraian, kantaldia T3 taldearen eskutik.
22:00 Erromeria, Olgetan taldearekin.
Ondoren, DJ Jotatxo.
ASTELEHENA 24
21:00 Larrain dantza herrikoia.
asteartea 25 TXIKI EGUNA
20:30 - 22:00 / 23:30 - 02:00 Erromeria, Itzal taldearekin.
OSTEGUNA 27
22:00 Wazemank maratoia.
OSTIRALA 28 ggb eguna
13:00 Gazte Kantariak, Gune Asketik hasita.
15:30 GGB bazkaria, Sigmako aparkalekuan.
LARUNBATA 29
19:30 Debrassband taldea, Kalegoen Plazatik Gune Askera.
21:30 Oez eta Mozkor Alaiak taldeen kontzertuak.