167 txirrindulari zeuden izena emanda Gure Bide elkarteak antolatzen duren lasterketan parte hartzeko, eta 144k lortu dute proba bukatzea. Guztietan azkarrena Joan Cardona Valdajos hondarribitarra (BBK Euskadi) izan da. Txirrindulari oso gaztea den arren -19 urte ditu-, indar-erakustaldia egiteaz gainera, lasterketaren nondik-norakoa irakurtzen jakin du, erasoa noiz jo asmatu du, alegia. Izan ere, ia hogeita hamar laguneko taldeko kideen artean erabaki behar zela garailea zirudien azken kilometroetan, baina aurrea hartu die Cardonak, eta abantaila txiki baina nahikoarekin gailendu da, garaipena behar bezala ospatzeko tarte nahikoarekin. 2:19:44ko denboran osatu du 105 kilometroko ibilbidea.
Afizionatu mailan lortzen duen estreinako garaipena da Cardonarentzat, baina ez Elgoibarren eskuratu duen aurreneko garaipena, iaz junior mailako Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketa irabazi baitzuen. Idotorben bukatu zen lasterketa hura.
Hego Afrikako txirrindulari Cronje Beukes (Caja Rural-Alea) sailkatu da bigarren postuan, irabazlearengandik 3 segundora eta Ekhi Uriarte Leizea (BBK Euskadi) sailkatu da hirugarren postuan, Beukesen denbora bera eginda. (ikus sailkapenak)
Lehendakari Txapelketarako proba puntuagarria izan da Etxanizen oroimenezko lasterketa. Elgoibarko lasterketaren ostean, BBK Euskadi taldeko Aimar Galdos dago sailkapenaren buruan.
BARRENAekin hitzarmena duen Txirrindulariak webguneak lasterketaren laburpena egin du, eta Joan Cardona irabazlea elkarrizketatu dute. Cardona Katalunian jaio eta hazitako txirrindularia den arren, euskaraz ere bikain moldatzen da.

