Ohi moduan, 07:00etan puntuan abiatuko da Lanaren Diana, irailaren 1ean, Kalebarren plazatik. Ibilbidea bukatu ostean egingo dute txokolate jana, Aita Agirre Kulturguneko arkupeetan, 08:30ak ingurura arte.
Mauxitxa txarangatik jakitera eman dutenez, emozio handiz prestatu dute urtemuga. "Aurten 50 urte beteko dira herriko langileak oporren osteko lehen lan-egunean musikarekin esnatu eta lantokietara laguntzen hasi ginenetik. 1976an hasitako ohitura xumea Elgoibarko identitatearen parte bihurtu da. Ohiturari mende erdiz eutsi izana herritar guztiekin ospatu nahi dugu. Horregatik, aurtengo diana herrikoia eta solidarioa izatea nahi dugu, eta gustatuko litzaiguke adin askotariko herritarrak elkartzea, batetik; eta, auzi sozial bati bultzada ematea, bestetik; Nualakoek aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazioa eta ikusgarritasuna sustatzen egiten diharduten lanari, hain zuzen ere".
1.000 lagunentzako gosaria
Nuala elkarteko kideak arduratuko dira txokolatea berotzeaz, zerbitzatzeaz eta banatzeaz. 1.000 pertsonarentzako gosariak prestatzea aurreikusi dute. Txokolatearekin batera, Doña Mercedesen artisau-bizkotxo zatiak ere eskainiko dituzte. Gosaria doakoa izango da herritarrentzat.
Doantza Nualari
Herritarrentzat debalde izango den arren, zenbat eta herritar gehiagok parte hartu hobeto izango da Nuala elkartearentzat, Mauxitxakoek euro bat bideratuko baitute haien funtsetatik Nualarentzat, banatzen duten baso bakoitzeko. Helburutzat jarri dute 1.000 euroko dohantza egitea.
Txarangako lehengo eta orango kideak
Azken 50 urteetan txarangatik igaro diren musaikari guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, txarangaren "historiako talderik handiena" osatzeko asmoz.