Aurreko urteetan txaranga doinuekin egin izan dute bazkaritarako bidea, baina aurtengoan herriko musikariek girotu zuten kalejira, propio prestatu zuten abestien errepertorioarekin. Urdin koloreko kamisetak jantzita ibili ziren gazteak eta era guztietako edalontzi bitxiak eskuetan zituztela, aurtengo gaia horixe baitzen: edalontzi originalak (iazkoan pankartak izan ziren).
Gazteen bazkarian parte hartzeko gazteegiak diren nerabeek eduki zuten elkarrekin bazkaltzeko eta jai giroaz gozatzeko aukera. 70 bat lagun batu ziren Bolatokiko parkean egin zuten nerabeen bazkarian. Oihan Vega DJak girotu zuen haien bazkalostea.
Sigman bazkaldu zuten gazteek, berriz, Elektrotxufla elektrotxarangarekin egin zuten festagunerako itzulera. Elektrotxuflakoen saioko azken uneak ikus ditzakezue goiko bideoaren amaieran, Maalan, gazteez inguratuta daudela.
