Tabernatik erretiroa hartuko duela-eta omenaldia egin diote Jesus Mari Arrietari

Asier Orbea Ostolaza

Errosario kaleko eta plazako lehendakaria da Jai-Alai tabernako ugazaba Jesus Mari Arrieta Mauxitxa txarangako kideen berbetan; eta halaxe adierazi diote erretiroa hartzera doala eta egin dioten omenaldian.

Lagun askok dute estimutan Jai Alai tabernako Jesus Mari Arrieta, eta tabernatik erretiroa hartzera doala jakin dutenean omenaldi txiki bat egitea erabaki dute. Mauxitxa txarangak gidatu du omenaldia, Arrietak harreman luze eta berezia baitu txarangarekin; izan ere, Mauxitxa sortu zuten urte berean, -1970. urtean-, hasi zen beharrean Jai-Alai tabernan, 11 urterekin.

19:00ak jo dutenean Errosario kalean gora etorri dira txarangako kideak, eta Jai Alai parera ailegatu direnean hasi da omenaldia. Hasteko, CD Elgoibarko presidente Txus Altzagak kamiseta bat, bisera bat eta bufanda oparitu dizkio. Horren ostean, txarangako lau kidek aurreskua dantzatu diote Arrietari. Dantzaren ostean, bertsoak abestu dituzte txarangako kideek, eta haiekin beti eskuzabal jokatu izana eskertu diote bertsotan, egarria asetzeko hainbat urtean oparitu dizkieten zerbezak eta kalimotxoak gogoan. Bertsoak eskertu dizkie Arrietak, eta barra atzera sartu da berriro, beharrera, omenaldia amaitu gabe zegoen arren. Mauxitxakoek Xalbadorren heriotzean abestia jo dute eta Errosario kalearen muturrean batutako lagunak dantzan jarri dituen pieza batekin itxi dute ekitaldia. 

Mauxitxa txarangak 50. urteurrena ospatu zuen urtean ere egin zioten aitortza Jai Alaiko ugazabari, 2019an (ikus hemen).

Jesus Mariri eskainitako bertsoa
Doinua: Habanera (Xabier Lete)

Jai Alaiko Jesus Mari
Zu zera gure zaindari
Txarangako omenaldi 
Xumetxo hau duzu opari

Jai alaixa beti izan da
Kalejiretan gidari
Kalimotxo ta zerbeza
Eman dizkiguzu ugari

Urte luzeetan zehar 
Elgoibarko tabernari
Errosario kaleko
Ta plazako lehendakari

Zu gabe ez gera ezer
Eskerrak jai alaixari
Urte askotarko ta
Zorionak Jesus Mari