San Bartolome jaien balorazio positiboa egin du Elgoibarko Udalak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko abuztuaren 31

Bukatu dira jaiak, eta iritsi da balantzea egiteko ordua. Elgoibarko Udalak egin du berea, eta aurtengo jaiak modu oso positiboan baloratu ditu. Jai dinamikoak, parte-hartzaileak eta irekiak izan direla adierazi du. 

2026ko sanbartolomeak "oso positiboki" baloratu di Udalak, bai programazioaren kalitate eta aniztasunagatik, baita herritarren parte-hartze eta erantzunagatik. Arduradunen iritziz, jai-egunetan giro alaia, parte-hartzailea eta gertukoa bizi izan da, eta jarduera ugaritan publikoaren presentzia nabarmena izan dela azpimarratu dute.


Udalaren esanetan, musikak aipamen berezia merezi du aurten. "Muzak, Süne, Alguillo eta Alkimistak, Gozategi, Puro Relajo, Kaparrak eta ETS taldeek, besteak beste, publikoaren erantzun handia lortu dute. Herriko taldeetatik hasita, ETS bezelako talde batera arteko musika eskaintzak gure herria dantzan jarri du", adierazi dute.

Kale-animazioa ere nabarmendu dute Udaletik. Haien esanetan, txarangek, 
trikitilariek, erraldoi eta buruhandiek eta kalejirek jaia herriko hainbat gunetara eraman dute. Mauxitxa, Ustekabe, Betisua, Baltzola eta Lagunak eta Erbuzek giroa kaleko bizirik mantendu dutela nabarmendu dute, eta horri lotuta, Txomin Mujika buruhandi berria aipatu dute. Era berean,  Deabru Beltzaken Su Talka ikuskizun piroteknikoak harrera oso ona izan duela gaineratu dute.

Sokamuturrek, ohi bezala, harrera handia izan dute eta jaietako protagonista nagusietako bat izan dira arduradunen ustez: "Ruso, Lopene eta Ibiri ganadutegien parte-hartzeak gure festetako tradizioari eutsi diote, eta publikoaren presentzia handiak tradizio horrek Elgoibarren duen sustrai sendoa berretsi du".

Elkarte eta tokiko kolektiboen inplikazioa ere nabarmendu dute, besteak beste, parrokiara egindako bisita gidatua, larrain-dantza, salbea, Haritz Euskal Dantzari Taldearen eta udal-banden parte-hartzea, soka-dantza, dantza solteko lehiaketa, bertsolariak eta pilota profesionaleko jaialdia aipatu dituzte adibide gisa.

Haur, nerabe eta gazteei zuzendutako eskaintza ere "zabala eta askotarikoa" izan dela adierazi dute, eta familiek parte-hartze esanguratsua izan dutela. Adinekoen Egunak topaketa eta aisialdirako gune bereziak sortu ditu, eta Baserritarren Egunak tokiko izaera indartu du, baserrietako produktuak, Limousin arrazako abereen erakusketa eta herri-kirolak uztartuz. Kirol-programazioak ere presentzia nabarmena izan du: Etxaniz Memoriala, pilota profesionaleko jaialdiak, harri-jasotze lehiaketak eta goitibeheren jaitsiera aipatu dituzte, besteak beste. 

Liskar gutxi
Udaltzaingoaren aldetik ere, San Bartolome Jaien balorazioa positiboa da, eta aurreko urtearekin alderatuta, aurtengo emaitza ona izan dela adierazi dute. Borroka kopurua "txikia" izan da, eta jai-garaian liskar jendetsurik ez dela  egon gaineratu dute. "Gorabehera zehatz batzuk egon diren arren, dispositiboaren eta jai-egunen garapenaren balorazio orokorra positiboa da". 


Era berean, prebentzioa, bizikidetza eta inklusioari lotutako baliabideek jai irekiagoak eta seguruagoak sustatu dituzte: Gune Morea, botiloiaren prebentzio-programa, substantzien inguruko informazio eta testing guneak, gaueko doako taxi-zerbitzua, buruhandirik gabeko gunea eta barraketan bi ordu isilak aipatu dituzte, besteal beste. "Bizikidetzaren ikuspegitik, balantzea oso positiboa izan da eta jaiak giro alaian eta errespetuzkoan garatu dira".


Azkenik, eskerrak eman behar dizkiete jaiak posible egin dituzten pertsona eta
eragile guztiei: Udaleko Brigadari, garbiketa-zerbitzuei, Kultura Sailari, udaltzaingoari eta inplikatutako gainerako udal-sailei; elkarte, kolektibo, kirol-klub, gastronomia-elkarte, kultur talde, musikari, artista, ganadutegi, enpresa eta boluntarioei. Eta bereziki eman dizkiete eskerrak baita ere Elgoibarko herritarrei eta egun hauetan bisitan etorri direnei, haien parte-hartzeak jaietako giro jatorra
sortzen lagundu duelako.

Oro har, beraz, San Bartolome Jaiek "oso balantze ona" utzi dute.