Bihar zabalduko dute Mintxetako muskulazio gela berritua

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko abuztuaren 31

Amaitu dituzte Mintxetako muskulazio gela berritzeko lanak, eta bihar zabalduko dute, ohiko ordutegian. 

Elgoibarko Udalak jakinarazi du bihar, irailak 1, zabalduko dutela Mintxetako muskulazio gela berritua.  Ordutegia ohikoa izango da: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:30era; larunbatetan 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igande eta jai egunetan 9:00etatik 13:00etara.

Udaletik jakinarazi dutenez, proiektuak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, instalazioak modernizatzea eta kalitatea hobetzea, eta, bestetik, espazioari 240 metro karratu gehitzea, erabiltzaileei ingurune funtzionalagoa eta erosoagoa eskaintzeko. Egindako esku-hartzean 23 makina berri sartu dituzte eta beste hainbat makina mantendu egin dira.

Lizitazioaren prezioa 206.760,90 eurokoa zen (BEZik gabe), eta esleipena 186.073,41 eurotan itxi zuten (BEZik gabe). Elecnor enpresak egin ditu obrak.    Makina berriak erosteko, berriz, 65.701,71 euro (BEZa barne) inbertitu dira. Proiektuak DanobatGroupen laguntzari esker egin du aurrera, 125.000 euroko ekarpena egin baitu obrak finantzatzeko, "udalerriaren eta tokiko enpresaren arteko konpromisoaren eta udalerriaren garapenean duten inplikazioaren adibide garbia", esan dute Udaletik. Elgoibarko Udalak eskerrik beroenak eman dizkio Danobati emandako babesagatik, instalazio publikoen hobekuntzan erakutsitako jarrera eredugarriagatik eta lankidetza hori posible egiteagatik.

 
Elgoibarko Udalak muskulazio berrituaren eta hobetuaren aretora hurbiltzeko deia egin die erabiltzaile guztiei, eta barkamenak eskatzen dizkie berrikuntzak burutu diren denboran sortutako eragozpenengatik.