Eduardo Arrillagak Navajo Nazioan ateratako argazki sorta bat saritu dute Monovisions lehiaketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko irailaren 1a

Ohorezko Aipamena jaso du Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak Monovisions lehiaketara aurkeztutako 'Territorio Navajo' izeneko argazki sortagatik.

Paisaia-argazkilaritza ez da Eduardo Arrillaga Santolayaren (Elgoibar, 1966) ohiko lan esparrua, arituagoa baita gizarte gaiekin zerikusia duten gaietan. Bere lehen erreportajea eta erakusketa, adibidez, Mayas Hijos del Maiz izan zen, Guatemalan ateratako argazkiekin. 1990ean jarri zuen ikusgai Elgoibarren. Harrezkero, era guztietako gaiak landu ditu bere begiradatik: Euskal Herriko nekazal mundua Herri Baten Argia proiektuan, Elgoibarko sokamuturra, Dominikar Errepublikako bizilagunen bizimodua Barrios de Dominicana eta El Vuelo de la Chichigua erreportajeetan, e.a.

Oraingo honetan, baina, paisaietan jarri du fokua, hain justu ere, Navajo Lurraldean (ofizialki Navajo Nazioa edo Naabeehó Bináhásdzo navajoeraz) dagoen Ameriketako Estatu Batuetako jatorrizko herrien erreserbarik handiena denean. AEBetako hego-mendebaldean dago kokatuta 71.000 kilometro koadro inguruko lurraldea, hiru estaturen artean banatuta: Arizona, Mexiko Berria eta Utah. Window Rock da lurraldeko hiriburua, eta Arizonan dago. Berton dago ingurua ezagun egin duen Coloradoko Arroila Handia ere eta Arrillagak Antilope Canyonen ateratako argazki sorta aurkeztu du lehiaketara.

Arrillagaren berbetan, uraren eta haizearen fusioak higatutako lurraldea da Navajoena. Indiarren erreserbaren barruko bihurgune hipnotikoen paisaia, haitzarte izugarri eder eta bihurria. Hareharriko haitz hori milioika urtetan zizelkatu da. "Navajoen mundu ikuskeraren arabera, Antilope Arroila ez zuen higadurak sortu, Herri Santuak baizik. Uste dute mundu espirituala eta gurea Antilope Canyonen gurutzatzen direla. Horrela, arroilak izpirituaren eta naturaren arteko harmonia eta lotura irudikatzen du".

Zuri-beltzean ateratako argazkiak saritzen diruen nazioarteko lehiaketa da Monovisions. Arrillagak Ohorezko Aipamena jaso du 'Territorio Navajo' izeneko argazki sortagatik. Balio handiko aitorpena dela esan du. Izan ere, Monovisions mundu osoko milaka argazkilarik parte hartzen duten nazioarteko argazki lehiaketa da. Ikus hem lehiaketako argazki irabazleak.

Eduardo Arrillagak lehiaketara aurkeztutako argazkietako bat.