Zapatuan eta domekan jokatuko dituzte Gojko Vucinic eskubaloi txapelketako partidak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko irailaren 1a

Pulpok eta Urdanetak jokatu zuten iaz mutilen finala. Zumaiarrak gailendu ziren. Arg: Roberto Sanchez..

Aurten bi egunetan jokatuko dute Gojko Vučinić Elgoibar Hiria kadete mailako eskubaloi jokalarientzako txapelketa. Hain zuzen, zapatuan eta domekan -orain arte barikuetan ere jokatzen zituzten partidak-. 

Euskal Herriko eskubaloi jokalari gaztetxoen topalekua izango da Elgoibar irailaren 5ean eta 6an, 300dik gora eskubaloi jokalari gazte, kadete mailakoak, lehiatuko baitira txapelketaren zortzigarren edizioan. Kirol-egutegian errotutako ekitaldia da, Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko erreferente eta oraindik ere "gogoan" duten jokalari eta entrenatzaile montenegroarrari omenaldia egiten diona, Sanloko arduradunen berbetan. "Bi egunez, Elgoibarrek oinarrizko eskubaloirik onenaz gozatzeko aukera izango du, kirolaren balioak sustatuz eta Gojko Vučinićen figura gogoratuz", adierazi dute.
Torneoan hamasei talde arituko dira lehian, neskenak zein mutilenak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etorriko diren hamar kirol talde ordezkatuko dituzte. Nesken taldeek Olaizagako kantxan jokatuko dituzte partidak eta IMH kiroldegikoan mutilenek.

Parte hartuko duten klubak:
1. Sanlo EKT (Elgoibar)
2. Eibar Eskubaloia (Eibar)
3. Pukpo eskubaloi kluba (Zumaia)
4. EreintzaA (Errenteria)
5. Anaitasuna (Iruña)
6. Urola eskubaloia (Zumarraga)
7. Malkaitz eskubaloia (Burlada)
8. Errotaberri (Ermua)
9. Tolosa eskubaloia (Tolosa)
10. C.D. Urdaneta (Loiu)

Zapatuan eta domekan, IMHn eta Olaizagan

Hirutik bi jardunaldira murriztu dute txapelketa aurten. Hala, irailaren 5ean, larunbata, 09:30ean hasiko dira norgehiagokak, eta lehen partida-sorta goizean jokatuko dute. Jardunaldiak arratsaldean jarraituko du 16:00etatik 19:15era bitartean.
Irailaren 6an, igandean, 09:00etan hasiko dira partidak, eta goizean jokatuko dute jardunaldi osoa. Azken sailkapena erabakiko duten neurketak jokatuko dituzte, 12:45ean amaitzeko. Amaiera-ekitaldia eta sari-banaketa 13:45ean izango da, Olaizaga Kiroldegian.

Azkenengo bi edizioetan Zumaiako Pulpo eskubaloi taldeko neska-mutilak nabarmendu dira Gojko Vucinic txapelketan.

Sanloko Salento Gelati taldekoak iazko txapelketan. Roberto Sanchez.