Txankakua merkatari elkarteak herriko merkataritza sustatzeko beste kanpaina bat jarriko du martxan datorren astelehenean. Horren barruan, elkarteko txartelarekin egiten den lehen erosketan, motxila bat jasoko dute opari herritarrek. Txartel titular bakoitzeko motxila bat eskuratu daiteke, eta kanpainak izakinak agortu arte iraungo du.
Horrez gain, urte amaierara arte 10 euroko sariak zozkatuko dituzte modu aleatorioan txartela erabiltzen duten herritarren artean. Guztira, 3.000 euro bideratuko dituzte ekimen horretara; beraz, 10 euroko 300 sari banatuko dituzte.
Elkartetik gogorarazi dute txartela ateratzea doakoa dela, eta ez dela beharrezkoa bankuz aldatzea. Txartel horrek, gainera, erosketak hiru hilabeteko epean ordaintzeko aukera ematen dio erosleari, inolako interesik ordaindu gabe.
Hau guztia, Elgoibarko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Nafarroako Rural Kutxaren laguntzarekin antolatu du Txankakuak.