Hide Dohino (Yokohama, Japonia, 1994) historialaria 2022an ailegatu zen Euskal Herrira, hain justu Oñatira, han baitago Gipuzkoako Artxibo Historikoa. Interesak bultzatuta, asko bidaiatu eta kultura desberdinak ezagutzeko aukera izan ostean, Espainiako historia ikertzen aritu zen Madrilen, pandemia aurreko urteetan, eta hain zuzen, garai hartan ezagutu zuen estreinakoz Euskal Herria, hilean behin etortzen baitzen hona. Joan-etorri haien ondorioetako bat izan zen bere aztergaia izango zena aukeratzea: Gipuzkoako 1766. urteko matxinada. Zehaztu duenez, azterketa antropologikoa da egiten diharduena. Berez, matxinadan sakondu baino gehiago, garai hori bizi izan zuen jendeari buruz gehiago jakitea da bere tesiaren muina. Urte hori hartu, eta garai hartako gizartea ondo deskribatu nahi du. Tesirako ikertzen ari zela izan zuen soka dantzen berri, eta dantza horiek garaiko gizartearentzat izan zuten garrantziaz jabetuta, ikerketa lerro honetan sakontzea erabaki zuen. Izan ere, matxinadaren garai hartan hautsita zegoen komunitate bat lotzeko sinbologiaz josita dago soka dantza.
Bi urtean Oñatin bizi izan zen Dohino, baina Japoniara itzulita dago orain. Halere, ez du lotura hautsi, inondik inora, eta urtean pare bat alditan itzultzen da Euskal Herrira, gure historian ikertzen jarraitzeko eta ikerlanerako datuak biltzeko. Abuztuan herri ugaritan jaiak direla probestuz, soka dantzak egiten dituzten herrietara joan da aurtengo udan, haiek zuzenean ikusi eta hobeto ulertzeko asmoarekin. Halaxe ailegatu zen Elgoibarrera joan den abuztuaren 24an. Lehenago Berastegiko San Lorentzo jaietan egiten zuten soka dantza ikusi zuen in situ, eta Elgoibarren egiten dutenarekin dauden antzekotasunak eta desberdintasunak atzeman nahi zituen San Bartolome Eguneko soka dantzan.
Elgoibarrera, baina, ez zen bakarrik etorri, Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarrarekin batera baizik. Bideoan azaltzen du nola egin zuen aurrera biak elkartu zituen plan honek. Aurreratu dezakeguna da, Alberdik estreinakoz ikusi duela aurten bere herrian egiten duten soka dantza. Alberdik dio ohore bat izan dela Japoniar baten begietatik bere herria ikustea, "Nire herriaz nik baino gehiago dakien Japoniar baten begietatik", zehaztu du. "Askotan ahaztu egiten zaigu horren gertu dauzkagun gauzekiko interesa piztea. Batzutan beharrezkoa da kanpo-begirada hori daukagunari atentzio handiagoz erreparatzeko eta baloratzeko", dio.
Bi urtean ikasi zuen euskara
Hidek oso denbora gutxian ikasi zuen euskaraz berba egiten, eta ez halamoduz gainera. Oñatin bizi izan zen bi urteetan ikasi zuela dio. Euskaldunez inguratuta bizitzeak euskalduntzeko prozesua asko erraztu ziola azaldu du, eta baita Euskal Herrian barrena egin dituen bidaiek ere. Horrela ezagutu ditu euskal giroa, "jende atsegina" eta euskal kultura. (ikus 2023an, Oñatin bizi zenean Goienan egin zioten elkarrizketa)
Ezagunak ditu Elgoibarko parajeak eta Udal artxiboa
Elgoibarko Udal Artxiboa eta inguruko parajeak ezagutzen behin baino gehiagotan izana da bisitan, eta ezagutzen du Pello Arrieta historialari elgoibartarra ere. Hark oparitu zizkion Elgoibarko historiari eta euskalkiari buruzko liburuak. Aiastia, Idotorbe eta Sallobente auzoetan barrena ibilia da eta Olasoko hilerria eta haren historia ere bertakook baino hobeto ezagutzen ditu. Hemengo leku-izenez eta historiaz hainbat elgoibartarrek baino gehiago daki, barren! Agerikoa da jakinmin asekaitzekoa dela. Atentzioa deitu dioten hitzak eta erreferentziak apuntatu ditu harekin izan dugun solasaldiak iraun duen bitartean.
