Morkaiko Mendizale Taldeak Elgoibarko MTB martxa antolatu du, irailaren 12rako. Elgoibar inguruetan mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaini nahi diete adin eta maila desberdinetako kideei. Ez da lasterketa izango, martxa baizik. Beraz, ez dituzte denborak eta sailkapenak hartuko, baina partaideentzako sariak egongo dira. Proba amaieran zozkatuko dituzte sariak guztien artean.
Izenematea zabalik dago jada, eta online egin beharko da, Kirolprobak webgunearen bidez. 18 urtetik beherakoek tutore legalen baimena beharko dute.
Hauxe da egun horretarako prestatu duten egitaraua:
8:00-8:45: Martxa motza eta luzearen dorsal banaketa Mintxetan.
9:00: Martxa motza eta luzearen irteera
9:00-9:45: Martxa “txiki”aren dorsal banaketa Mintxetan.
10:00: Martxa “txiki”aren irteera.
12:00-14:00: Parrillada partehartzaileentzako
14:00: Probaren amaiera.
HIRU IBILBIDE
Probaren hasiera eta amaiera Mintxetan izango dira, eta hiru ibilbide egongo dira aukeran:
- Martxa “Txiki”: Ibilbide hau hasiberrientzako eta haurrentzako dago pentsatuta. Familian parte hartzeko ere aukera egokia da. 7km-ko luzera dauka eta 130 metroko desnibela. Ibilbidea Mintxeta eta Albitzuri inguruetan izango da. Asfalto, pista eta bidetxur errazak uztartuko dira. Hona hemen ibilbidearen trac-a.
-
Martxa motza: 23km eta 900m inguruko desnibela izango du. Sallobente bailaratik Azkarate gainera joanez hasiko da ibilbidea. Asfaltozko hasiera lasai baten ostean, San Lorentzoko ermita pasa eta gero igoera gogor bati ekingo zaio; lehenengo asfaltoz eta gero mendi pistaz. Behin Kurutzeta baserrira iritsita, Azkarateko errepidea hartuko da portuaren azken 500 metroak egiteko. Ondoren, Otsourtia baserrira doan pista hartuko dute, eta handik, mendi bidez Keixetako lepora arte joango da ibilbidea. Tarte gogorrak eta lasaiuneak uztartuko ditu igoerak.
Keixetan ano postua egongo da kokatuta (11,2km-a).
Handik, Irukurutzetara doan igoera gogorra hartuko da hasieran, gero, pagadi batetik, Kurutzebakarrerako igoerako pistarekin elkartzeko. Handik Kurutzebakarrera igoko da. Ondoren, Muskurutxuko mendilerro gaineko 6 km egingo dira. Behin Karakatera iritsita, Mintxetako helmugara arteko jeitsiera geratuko da. Hona hemen ibilbidearen track-a.
-
Martxa luzea: 30,5km eta 1.400m inguruko desnibela dauka. Martxa motzaren ibilbidea jarraituko du gehienbat, baina hiru jaitsiera bukle gehituko zaizkio. Lehen buklea Urrategi DHko azken zatia izango da. Flow handidun jaitsiera da, bihurgune itxi batzuekin eta tubo natural bat duena. Buklea ixteko igoera gogor bat egin beharko da. Bigarren buklea, Muskiriko (Elosumendi) jaitsiera izango da. Keixetako lepotik Elosumendira igotzen den pista hartuko da. Ondoren, bidexka batetik jarraituko du gorantz, berriro pistara irten arte. Totorrera heldu aurretik, jaitsiera bat hasiko da; flow handiko jaitsiera, pare bat salto eta drop errazak dituena. Jaitsiera horren ondoren, Keixetako lepora pista erraz batetik igoko da.
Keixetan anoa postua egongo da (15,7km-a).
Hirugarren buklea Voll-Damm line-a izango da. Pagadi baten barruan egiten den jaitsiera bat da. Bihurguneak, zuzenguneak, drop-ak… oso entretenigarria, antolatzaileen ustez. Behin jaitsiera amaituta, Atxantxaboleta aldera jarraituko du ibilbideak, pista gogor batetik Kurutzebakarrera igotzeko. Ondoren, Muskirutzuko mendilerro gainean 6 km egingo dira. Behin karakatera iritsita, Pagatxur izeneko jaitsierari ekingo zaio. Ondoren, ibilbideak berriro martxa motzeko ibilbideko jaitsiera azkarrarekin egingo du bat. Hemen duzue ibilbide luzearen track-a.