Salgai daude Maren abeslariak Makina Erremintaren Museoan emango duen kontzerturako sarrerak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko irailaren 3a

Maren Kattalinen (Gallarta, 2002) izen artistikoa da Maren, eta irailaren 25ean zuzeneko emanaldia emango du Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan. Ehun sarrera jarri dituzte salgai, eta martxan da aurre salmenta.

Museoko arduradunek azaldu dutenez, ondare industriala eta musika uztartuko ditu Marenen zuzenekoak, "agertoki berezi eta enblematiko batean: euskal ondare industrialaren bihotzean". Euskal Herriaren garapen industrialaren protagonista izan ziren ehun urteko makinez inguratuta emango duen kontzertua "intimoa" izango dela aurreratu dute.

Museoko zuzendari Iker Garciaren esanetan, ekitaldiak ondare industriala publiko berrietara hurbiltzea du helburu, eta museoa topagune bihurtzea nahi dute, "emoziorako, topaketarako eta kultura garaikiderako leku ere izan daitekeela erakustea, alegia”.

Ehun sarrera

Ehun sarrera jarriko dituzte salgai, 15 euroan. Sarrera erosten dutenek, kontzertuaz gozatzeko aukeraz gainera, Makina Erremintaren Museora bisita libre bat egiteko aukera ere eskuratuko dute. Sarrerak museoaren webgunean daude salgai, hemen
Museotik azaldu dutenez, Elgoibarko Udalaren Kultura Sailaren laguntza izan du ekimen honek, eta museoak industria, ondarea eta arte-adierazpen berriak lotuko dituen kultura-programazioa bultzatzeko egin duen apustuaren parte da. 

  • Marenen kontzertua 20:00etan hasiko da irailaren 25ean, barikua.
Maren musikaria, ekoizlea eta abeslaria

Musikarako bokazioa oso gazte zela piztu zitzaion Maren abeslariari. Hamaika urte zituen bere lehenengo abestien letrak idazten hasi zenean, eta 14 urterekin kaleratu zuen bere lehen lana, Alguien Sin Vergüenza, Bartzelonako 48 Volts estudioan grabatutakoa. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abestutako kantekin osatu zuen LP edo disko labur hura. Gero, 18 urterekin, Margaritas y Lavanda izeneko lana argitaratu zuen, estreineko lan luzea, non 60ko eta 70eko hamarkadetako doinuak eta estetika ziren nagusi. Lan hori kaleratu zuten urte berean, 2021ean, argitara eman zuen Begixek EPa ere, euskarazko abestiekin bakarrik osatutako bere lehen lana. Que lastima izeneko lan luzea da orain arte argitaratu duen azkena, 2024an. Aurten Sektretuak, Zure Zain, Loretxoa (sinfonikoa) eta Au soleil kantak ere kaleratu ditu. (diskografia osoa)
Talderik gogokoena Artic Monkeys duela esana du, baina erreferente ugari ditu musikari bizkaitarrak, besteak beste, David Bowie, Leonard Cohen, Tracey Chapman, The Beatles, Simon and Garfunkel edo Frantziako 60ko hamarkadako musika.