Festa giroan murgilduta dago Arriaga auzoa. Atzo egin zituzten ohiko txapel eta oliba hezur jaurtiketa txapelketak, eta lehia bizia izan zen partaideen artean. Azken urteotan bezala, hiru kategoria bereiztu zituzten: umeak, emakumeak eta gizonak.
Umeen mailan 11 lagunek hartu zuten parte. Txapela jaurtitzen Enzo Astigarraga izan zen irabazlea 15,33 metrorekin, eta azeituna hezurra urrunen jarti zuena, berriz, Oinatz Ansola izan zen, 8,70 metrorekin.
Emakumeen kategorian 24 partaide izan ziren. Ainhoa Andonegik irabazi zuen txapel jaurtiketa, 14,23 metroko distantziarekin, eta oliba hezurra 10,85 metrora botata, Aneitz Arrona izan zen onena.
Gizonezkoetan, azkenik, 40 parte-hartzaile aritu ziren, eta ia urtero moduan, Mendarotik etorritako Aitzol Urain izan zen irabazlea txapel jaurtiketan, txapela 18,12 metroko distantziara botata. Oliba hezur jaurtiketan, bestalde, Iñigo Astigarraga izan zen onena, 15,44 metroko distantziarekin.
Txapelketa horiek amaitu ostean bertso poteoa egin zuten Iker Zubeldia eta Julio Sotorekin, eta ondoren, denek elkarrekin afaldu zuten. Gauean, erromeria izan zen.
GAURKO EKINTZAK
Festak gaur jarraituko du auzoan, eta egongo da non aukeratu. Hemen duzue gaurko egitaraua.
16:30 Mus txapelketa, Kaxeta elkartean.
17:00 Umeentzako merienda.
17:30Tortilla txapelketa.
18:00 Jolasak, sariekin. Txinga eroatea, pultso lehiaketa...
20:00 Erromeria, Aliritzi taldearekin.
21:00 Bokadiloak eta hanburgesak afaltzeko aukera.
Ondoren, Kontzertua: Jeizy's Tyros
01:00 Txokolatada eta errifaren zozketa
Ondoren, musika, karpa itxi arte.
* Autobus zerbitzua egongo da Txarridunako errotondatik, 17:00etatik 02:00etara