Loratzen marka sortu du Elgoibarko Udalak, nerabeen eta gazteen ongizatean eragiteko

Asier Orbea Ostolaza

Duela bi urte jarri zuten abian Elgoibarren Zurrunbiloa proiektua, gazteen osasun mentala aztertzeko. Ikerketa eta lanketa komunitario haren emaitza da Loratzen, ekiteko bokazioarekin sortua.

Elhuyarrek sortu zuen Zurrunbiloa proiektua, gazteen osasun mentalarekin gertatzen ari dena ezagutzeko asmoz; eta, gazteek osasun mentalaren inguruan duten begirada aldatzeko. Eta, Elgoibar aukeratu zuten herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia egiteko, eta ondoren gazteen diagnostikoa egiteko. Elgoibarko Udalaren babesa duen proiektua Danobatgroup industria-taldearen laguntzarekin gauzatu dute azken bi urteetan. 

Udaletik zehaztu dutenez, herriko nerabeen ongizate emozionalaren egoera aztertu eta gero, -azterketaren emaitzak herriko eragile guztiei aurkeztu zizkieten maiatzean-, ondorio nagusien nondik-norakoa lantzen jardun dute. "Zurrunbiloaren ostean zer datorren aztertu, eta nerabeen ongizate emozionalaren erronkari erantzun egoki bat nola eman lantzen aritu gara", adierazi du Elgoibarko alkate Maialen Gurutxagak. Loratzen izan da lanketa horren emaitza. Gurrutxagaren berbetan, nerabeen eta gazteen ongizate emozionalaren aldeko ekimen guztiak bilduko dituen marka da. "Loratzen ez da zerbitzu isolatu bat, Udalak arlo honetan egingo duen lanaren ikur eta gidari izango da, nerabeen ongizate emozionalaren aldeko konpromiso iraunkor eta antolatuaren adierazpena".

Azterketaren emaitzak herriko eragile guztiei aurkeztu zizkieten maiatzean. Elgoibarko Udala.

Hiru ekimen, akziora pasatzeko

Hiru ekimenekin hasiko du ibilbidea Loratzenek:

  1. Lehenengoa Loratzen Aholkularitza Psikologikoa izango da, nerabeei eta gazteei zuzendutako laguntza psikologiko zerbitzua, Udalak soilik eskainiko duena.
  2. Bigarren ekimena CD Elgoibarren jarriko dute abian, Elhuyarrekin batera eta Zurrunbiloa ildoaren baitan. Elgoibarko nerabeen ongizate emozionala aztertzeko egin zuten ikerketak erakutsi zien kirola eta ongizate emozionala lotuta daudela, eta hori abiapuntu hartuta, kirol arloan esku-hartze espezifikoa egingo dute. 
  3. Hirugarren ekimenaren baitan, formakuntza saioak eskainiko dizkiete, nerabeen inguruko ongizate emozionalean inplikatuta dauden pertsonei. Hori ere, Zurrunbiloa egitasmoaren barruan egingo dute, Elhuyarrekin batera.

Abian jarriko dituzten hiru ekimen horien berri, zehaztasun eta xehetasun handiagoarekin, banan-banan, datozen egun eta asteetan emango dutela jakinarazi dute udal arduradunek. 

Erronka komunitarioa

Loratzen markaren barruan aurrerantzean egingo dituzten ekimenek arrakasta izan dezaten herritar guztien inplikazioa eta ekarpena beharrezkoa izango dela dio Gurrutxagak, honela: "Zurrunbiloa azterketa egin genuenean argi ikusi genuen ezin genuela nerabeen ongizate emozionalaren esparrua alde batera utzi, eta Loratzen da apostu horren adierazlea. Ongizate emozionala erronka komunitarioa da, eta erantzuna ere komunitate osoaren artean eraiki behar da. Udalak dagokion zeregina hartzen du bere gain, gidari eta laguntzaile gisa, baina badaki eragile guztien inplikazioa ezinbestekoa dela. Horregatik, azken bi urteetan egindako prozesu guztia hasieratik elkarlanean eraiki da: udalerriko hainbat eragilek parte hartu dute, Elhuyar eta DanobatGroupekin batera. Zurrunbiloa azterketa errealitatea ezagutzeko egin zen, eta orain, Loratzenen babespean, ekiteko unea da, erantzuna elkarrekin emateko. Gure lana hori guztia posible egitea da, bidea erraztea eta laguntza eskaintzea".

Loratzen marka berria aurkezteko egin duten prentsaurreko agerraldiko irudia.