Irailaren 14ra bitartean eman daiteke izena, hain zuzen, ikasturtea hasiko duten egunera arte. Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako 6 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete, eta orain arte 254 neska-mutilek eman dute izena lehen deialdian.
Programako arduradunek jakitera eman dutenez, aurtengo ikasturtea aldaketa esanguratsuekin hasiko da, egutegian zein programazioan. Berritasun nagusietako bat ikasturtearen hasiera urritik irailera aurreratu dutela da. Horrez gainera, programazioak talde-kirolen presentzia indartuko du, Elgoibarren sustraituta dauden modalitateei garrantzi handiagoa emanez, eta herrian ohikoak diren beste kirol batzuei ere egingo diete lekua, "ikasleen parte-hartzea eta aniztasuna sustatzeko".
Jolasak eta kirol alternatiboak ere izango dira eskainiko duten programaren parte, horien bidez esperientzia "osasungarri eta hezigarriak" eskainiz. Talde bakoitzak astean zehar bi kirol saio izango ditu. Horrez gain, hileko bi larunbatetan topaketak eta jardunaldiak egingo dituzte, egunerokotasunetik harago askotariko kirol esperientziak eskaintzeko erabiltzaileei.
Antolatzaileen berbetan, Elgoibarko Eskola Kirolaren helburua herriko haur eta gazteen garapen integrala bultzatzea da, kirolaren bidez balioak, ohitura osasungarriak eta bizikidetza lantzen jarraituz.
Merkeagoa
Prezioari dagokionez ere aldaketa nabarmena izango da; hain zuzen ere, 112 eurotik 60 eurora jaitsiko da urteko kuota, ia erdira. Gainera, gizarte izaerako laguntzak jasotzen dituzten familiek %70eko deskontua izango dute, eta urteko kuota osoa, berriz, 18 eurokoa izango da haientzat. Kirol heziketa herritar guztientzako irisgarriago egitea dute helburu arduradunek, eta horregatik hartu dute erabakia.
Informazio osoagoa eta izena emateko: elgoibarkoeskolakirola.blogspot.com