Gaur goizean eman zaio diote hasiera Ongizatearen Plazako programazioari, eta bi egunez, egungo errealitate berriek guztion ongizatean duten eragina aztertuko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ekimena da, helburu nagusitzat duena pertsona ororen ongizate integrala erronka kolektibo gisa hartu eta egoera eta errealitate berriek ongizate horretan duen eraginaren inguruan hausnartzea. Hala azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gaur goizean komunikabideei eginiko adierazpenetan, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ekimena da, helburu nagusitzat duena pertsona ororen ongizate integrala erronka kolektibo gisa hartu eta egoera eta errealitate berriek ongizate horretan duen eraginaren inguruan hausnartzea. Hala azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gaur goizean komunikabideei eginiko adierazpenetan, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin batera.
Ongizatearen Plazak iazko uztailean hasi zuen bere ibilbidea Zarautzen. Ordutik, bederatzi herritan egon da dagoeneko: Zarautzen, Bergaran, Eibarren, Hernanin, Legazpin, Pasaian, Deban, Donostian eta Hondarribian. Elgoibarkoa hamargarren geldiunea da, eta datozen hilabeteetan lurraldean barrena jarraituko du, modu gizarteari eragiten dizkioten gaiak azaleratuz, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, pantailen erabilera, gazteen ongizatea, eta nekazaritzak, industriak edota sorkuntzak ongizatean duen eragina, besteak beste.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Elgoibar Ongizate Plazako hamargarren geltoki gisa aukeratu izanagatik. "Horrelako ekimenek gogorarazten digute ongizatea erronka kolektiboa dela, ezein erakundek ezin diola bakarrik heldu eta komunitate osoaren inplikazioa behar duela. Elgoibarren benetan sinesten dugu, eta horregatik pozten gara bi egun hauetan Kalegoen plaza guztiontzat zabalik dagoen topagune, hausnarketa eta partaidetzarako gunea izateaz".
Programa
Gaur goizean, Adinberriren eskutik abiatu da Ongizatearen Plazako programazioa. Iñigo Vicens prestatzaile fisiokoak gidatutako kirol saio irekia egin dute lehendabizi, eta, jarraian, Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia. Ondoren, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak partekatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztenek, Baserritar Mixto Profesionala eta Auspoa programetako hiru nekazari gazterekin batera. Besteak beste, belaunaldi berrien esperientziak, erronkak eta nekazaritzaren inguruko etorkizuneko ikuspegiak elkarbanatu dira.
Arratsaldean, herrira iritsi berrien eta bertakoen begiradak elkartu dira solasaldi batean, hizkuntza, nortasuna, integrazioa eta elkarbizitza ardatz hartuta. Jarraian, eta egunari amaiera emateko, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa gidatuko du Idoia Torregarai umoregileak.
Bihar, bestalde, 10:00etatik 11:30era, gazteen ongizatea izango dute mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko da. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. Jarraian, eta makina-erremintak Elgoibarren historia, ekonomia eta herri izaera markatu dituela kontuan izanik, industriak herriari zer ekarri dion, lan munduaren bilakaerak ongizatean izan duen eragina eta etorkizunera begira dituen erronkak aztertuko dira sektoreko langile, enpresa, ekintzaile eta prestakuntza munduko profesionalekin batera. Tarte hau 11:30etatik 13:00 bitarte egingo da.
Amaitzeko, ostiral arratsaldeak hiru zati izango ditu. Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo da Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasungarria’ izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta. 18:30etatik 19:30tara, sorkuntzak ongizatean duen eraginaren inguruan hausnartuko da, diziplina eta ibilbide desberdinetako herriko sortzaileekin batera. Sorkuntza adierazteko, emozioak lantzeko eta konektatzeko tresna den heinean, sormen prozesuez eta arteak eguneroko bizitzan eskaintzen dituen aukeren inguruan hausnartuko da. Bukatzeko, Mausitxa gazta dastaketa egingo da Lizagasar sagardoarekin lagunduta, herriko zaporeekin bi eguneko topaketari amaiera emateko.
