Ongizatea ikuspegi askotatik lantzeko aukera izango dute elgoibartarrek Ongizatearen Plaza egitasmoan

Asier Orbea Ostolaza

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen ekimen ibiltaria da Ongizatearen Plaza izenekoa, eta Elgoibarren egingo du geldialdia irailaren 10ean eta 11n, Kalegoen plazan. Herritar guztientzako doako topaketa izango da.

Aurrez Legazpi, Hernani, Pasaia, Deba (ikus Debakoak eman zuena), Donostia eta Hondarribiatik igaro da Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzailea.

Elgoibar izango du hurrengo geltokia, irailaren 10ean (eguena) eta irailaren 11n (barikua). Bi egun horietan, ongizatea ikuspegi askotatik lantzeko aukera izan da: zahartze eta elikadura osasuntsua, ongizate digitala, ariketa fisikoa, nahi ez den bakardadea, pantailen erabilera arduratsua edo emakumeen osasuna izan dira herritarrekin landu nahi dituzten gaietako batzuek. Era berean, sorkuntzak eta industriak ongizatean duten eragina ere jorratuko dute Kalegoen plazan egingo duten Ongizatearen Plaza topaketan.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta solasaldi horien bidez “plazaren erdigunean” kokatu nahi dela pertsonen ongizate integrala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia” haren berbetan. “Ertz asko dituen errealitate berriak bizi ditugu, fenomeno eta arazo berriei aurre egin beharren gaude eta, horretarako, ezinbestekoa da gai guzti hauek modu ireki, konpartitu eta parte-hartzailean lantzea”, adierazi du Mendozak. Zentzu horretan, elgoibartar guztiak gonbidatu ditu datorren astean Kalegoen plazan kokatuko den topagune honetan parte hartzera, “iritziak partekatu, entzun, gozatu eta ikasten jarraitzera”.

Egitaraua

Irailaren 10ean, eguena, abiatuko da Ongizatearen Plazako programazioa Adinberriren eskutik. 
  • 10:00-11:30 bitartean, ariketa fisikoko saio ireki bat egingo dute, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatuta.
  • Ondoren, estimulazio kognitiboko tailer bat Naia Rosekin eta mindfulness terapia Raquel Rodriguezekin. 
  • Ondoren, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak azalduko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztenek, Baserritar Mixto Profesionala eta Auspoa programetako hiru nekazari gazterekin batera. Besteak beste, belaunaldi berrien esperientziak, erronkak eta nekazaritzaren etorkizunaren inguruko ikuspegiak izango dituzte hizpide. 
  • Arratsaldean, 17:30etik 18:30ra bitartean, herrira iritsi berrien eta bertakoen begiradak batuko dituzte solasaldi batean, hizkuntza, nortasuna, integrazioa eta elkarbizitza ardatz hartuta.
  • Jarraian, eta egunari amaiera emateko, barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa emango du Idoia Torregarai umoregileak. Ariketa praktiko eta parte hartzaileen bidez, estresa askatu, harremanak indartu eta egunerokoari ikuspegi positiboagoaz aurreko egiteko tresnak eskainiko ditu.
Irailaren 11n, barikuan, gazteen ongizatean jarriko dute fokua,
  • 10:00etatik 11:30era bitartean egingo duten solasaldian, besteak beste, sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua izango dituzte hizketagai, eta hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuko dute. Gazteak izango dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. 
  • Jarraian, eta makina-erremintak Elgoibarren historia, ekonomia eta herri izaera markatu dituela kontuan izanik, industriak herriari zer ekarri dion, lan munduaren bilakaerak ongizatean izan duen eragina eta etorkizunera begira dituen erronkak aztertuko dituzte sektoreko langile, enpresa, ekintzaile eta prestakuntza munduko profesionalekin batera.
  • Amaitzeko, arratsaldeak hiru zati izango ditu. 

Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo dute Altxa Burua elkartearekin batera, ‘Pantailen aroan, erabilera osasungarria’ izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta.
Bigarrenik, 18:30etik 19:30ra, sorkuntzak ongizatean duen eraginaren inguruan hausnartzeko saioa egingo dute, diziplina eta ibilbide askotariko herriko sortzaileekin batera. Sorkuntza adierazteko, emozioak lantzeko eta konektatzeko tresna den heinean, sormen prozesuez eta arteak eguneroko bizitzan eskaintzen dituen aukeren inguruan hausnartuko dute.
Bukatzeko, gazta dastaketa saioa egingo dute Mausitxako gaztarekin, Lizagasar sagardoarekin lagunduta, herriko zaporeekin bi eguneko topaketari amaiera emateko.

Programa eta ordutegi osoa: plaza.gipuzkoa.eus