Loredi Salegi Martinez psikologo, sexologo eta berdintasunaren aldeko aktibista eta dinamizatzaile elgoibartarra da.
Elgoibarko Udaleko epaimahaikideek jakitera eman dutenez, hainbat arrazoigatik saritu dute Salegi; besteak beste, topaketarako, laguntzarako eta harremanetarako espazioak sustatzen egin duen ekarpena azpimarratu dituzte: "Udalerriko gizarte-ehuna indartzen lagundu du; emakume eta gizonen arteko berdintasunaren defentsan erakutsi duen konpromiso pertsonal eta profesionalagatik; berdintasunak oraindik agenda publikoan espazio mugatua betetzen zuenean, hausnarketarako eta parte-hartzerako espazio irekiak sortzearen alde egin zuelako, feminismoa herritarrengana hurbilduz; Uluka Batukada taldeko sorreran parte-hartu eta, gaur egun, talde horren kidea izaten jarraitzen duelako".
Elgoibarko Udalak hautagaiak aurkezteko prozesuan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie, eta nabarmendu dute inoiz baino gehiago izan direla, 42 lagunek bete baitzuten hautagaiak proposatzeko galdetegia.
Sari banaketa ekitaldia eta antzerkia, eguenean
Eguen honetan, irailaren 17an, egingo dute sari banaketa ekitaldia, Elgoibarko Emakumeen Etxea den Lilan, 18:30ean.
Sarrera librea izango da, eta gerturatzen direnek sari banaketarekin batera, “Correr la Lilatón con palmas y a lo loco” antzerkia ikusteko aukera edukiko dute. Antzezlana Libe Mendizabalek 2016an sortutako eta Donostiako La Farándula lokalean estreinatutako "Correr una carrera con palmas y a lo loco" antzezlanaren moldaketa bat da. Jatorrizko bertsioan, Behobia-Donostia lasterketa ezagunaren ingurukoa zen istorioa. Moldaketa honetan, berriz, Lilatoia eta antzerki funtzio bat jarri dituzte parez-pare. Lasterketa eta antzerkia topaketarako eta aldarrikapenerako espazio bihurtzen dira, non emakumeek euren burua askatasunez adierazi eta euren esperientziak partekatu ditzaketen. Libe Mendizabal eta Alizia Otxoa arituko dira antzezle lanetan.
Orain arteko sarituak
Lehen Lila Saria SANLO Eskubaloi Taldeak jaso zuen 2022an, emakumeen kirola sustatzeko egindako lanagatik. Bigarrengoz Elgoibar Ikastolako lehen andereñoa izan zen Itziar Ajuriari eman zioten. Hirugarren aitortza Haizea Emakume Taldeak jaso zuen, 2024an, herriko emakumeen bizitzetan duen eraginarengatik. Iazkoan, Jasone Osoro idazleak jaso zuen Lila Saria, haren ibilbide pertsonal eta profesionalean feminismoaren alde egindako lanagatik.

