Nola jaso duzu saria?
Sorpresa handia izan da, eta erre konozimendu galanta. Emakume askok isilean egiten dugun lanaren aitortza izan da saria. Denbora asko partekatzen dugu egunero: prestakuntzako milaka ordu dira, landutako ehunka film, tailerrak, manifestuak, artikuluak, pankartak, hausnarketak, erabakiak, batukadaren entseguak... Inoiz ez duzu uste bizitza osoan egindako lan isil eta diskretu hori guztia ikusaraziko denik. Nabarmendu nahi dut lan partekatua dela; nik urte asko daramatzat hemen, baina hori faktore askori esker izan da, hala nola nigan konfiantza izan duten pertsonei esker eta beren buruarekin zein kausarekin konprometituak dau den emakumeei esker.
"Denok ahotsa
dugunean eta bizirik
uzten gaituztenean
iritsiko da
isiltzeko unea"
Nola hasi zinen lan horretan?
Betidanik dihardut: boluntario, lanean, militantzian... Beharra ikustea da gakoa, eta zer egin daitekeen pentsatzea. Pentsatu eta ekin. Betaurreko moreekin bizitzeko modu bat da nirea, eta ezin diot utzi desberdintasunak eta bizitza genero ikuspegiarekin ikusteari. Ez da lana bakarrik; militantzia-ordu gehiago daude.
Zer ematen dizu egiteko horrek?
Satisfazio handia, emakumeak ahaldunduta ikusteak liluratu egiten nauelako: zutik jarrita, atsekabeak gorabehera, gero eta gehiago gara, gero eta askeagoak, indartsuagoak. Azken batean, gizarte askeagoa, justuagoa, eta berdintasunezkoagoa eraikitzen ari gara. Hori hain argi bizi dut, non oso pozgarria den emakume bakoitzaren ahalduntze prozesua bizitzea. Niretzat saio bakoitza erronka bat da. Ia inor ez da irteten saioetatik sartzen den bezala, eta horrek poztasun handia ematen dit. Garapen pertsonalarekiko grina dut, eta ez naiz nekatzen prozesu pertsonalak sortzeaz. Eta, jakina, emaitzak ikusten dira, pertsonalak zein kolektiboak. Berdintasunerako bidea gogorra da, eta momentu txar asko izaten dira. Arazoei aurre egitea ez da batere atsegina. Hori ez da ikusten, ikusezina delako, baina erantzuna eman behar zaie, egoeretan laguntzen.
Igarri al duzu aldaketarik hasi zinenetik gaur egunera?
Gaur egun, jende gehiagok daki matxismoa ez dela politikoki zuzena, eta, ondorioz, jokabide matxistak sotilagoak dira. Badakigu feminismoa ezin dela matxismoarekin parekatu, eta feminismoa ez defendatzea ez dela zuzena. Matxismoarekin pareka daitekeena hembrismoa da. Feminismoak berdintasuna defendatzen du, ez emakumeen nagusitasuna gizonen gainetik. Beraz, nork ez du bere burua feministatzat joko?
Uluka batukada feministaren sortzaileetako bat izan zinen. Borroka feminista kalera ateratzeko beste modu bat.
Bai, hori da. Oraindik, eraildako emakume asko dago, eta ezin gara isildu. Ez dut matxismoaren eta bere adierazpen larrienaren konplize izan nahi. Ahotsik ez dutenen ahotsa gara! Denok ahotsa dugunean eta bizirik uzten gaituztenean iritsiko da isiltzeko unea. Beldurrik gabeko mundu horrekin egiten dut amets.
Aurrera begira, zein dira zure asmoak?
Nahiago nuke ez balitz gogorarazi behar onartezina dela gu hiltzen jarraitzea! Tamalez, hori ez da denbora gutxian aldatuko. Beraz, gure asmoa borrokan jarraitzea da, elkartuta, indar handiagoa egingo dugulako. Beraz, gurekin lankidetzan aritzera gonbidatu nahi ditugu emakumeak.
