Gau osoan erreko duten txerriarekin egindako pintxoak salduko dituzte bihar Elgoibarko ferian

Asier Orbea Ostolaza

Hileko azken zapatuko feria egingo dute Elgoibarren bihar, irailak 26, eta Lagun Taldea txirrindulari taldekoek jarriko dute txosna.

Ohi duten legez, gau osoan erreko duten txerriarekin egindako pintxoak salduko dituzte Aita Agirre plazan ipiniko duten txosnan, 11:00etatik aurrera. 

Era berean, herriko baserrietako produktuen salmenta ere egingo dute Udalak eta Debemenek antolatutako azokan, 09:00etatik 14:00etara Aita Agirren. Eguerditik arratsaldera, ganadu erakusketa egongo da. Artaldeko kideek ere salduko dituzte euren lanak, eta bidezko merkataritzako produktuak saltzeko postua ere egongo da.