Hogeita hiru hautagai aurkeztu dira Gotzon Garate Bekaren deialdi honetara, eta horietatik bat baztertu egin dute deialdiaren oinarrietan jasotako baldintzak betetzen ez zituelako.
Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon idazleek osatutako epaimahaiak aztertu ditu aurkeztutako gainerako hogeita bi hautagaien proposamenak; eta Estitxu Irisarri Eguia elgoibartarrak aurkeztu duen “Ez laga lurra sikatzen” izeneko lana proposatu du Gotzon Garate bekaren bosgarren deialdiaren esleipendun izateko. Irisarri euskal filologoa da, eta DBHko euskara eta frantses irakaslea.
Gaur udaletxeko pleno aretoan egin duten ekitaldian azaldu dituzte epaimahaikideek (Uxue Alberdik ezin izan du aurkezpenean egon) Irisarriren lana aukeratzeko izan dituzten arrazoiak, eta sarituak eskerrak eman dizkie eta prestatua zuen idatzia irakurri du gero, hunkituta (ikus bideoan).
Hala, Irisarrik Elgoibarko Udalak emandako 8.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du eleberria idazteko. Horretaz gain, Jasone Osoro idazlearen mentoretza literarioa jasoko du sorkuntza prozesuan, eta Arturo Andrade eskultorearen oroigarria jasoko ditu Danobat Kooperatiba Elkartearen laguntzari esker. Azkenik, bekaren parte gisa, Elkar argitaletxeak argitaratuko du eleberria. Esleipendunak hamabi hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko.
Aurtengo deialdia Danobat Kooperatiba Elkartearen eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin egin du Elgoibarko Udalak, euskarazko literatura sorkuntza sustatzeko eta idazle berrien lanari laguntza emateko helburuarekin.
Elkar argitaletxeko editore Itzea Urkizuk adierazi du haiena moduko argitaletxe batentzako ezinbestekoak direla sortzaile berriak. "Beharbada, atrebentzia handia da esatea letrak krisian daudela, baina bai letren harrera hori, azken datuek erakutsi digutenaren arabera. Beraz, errota honek martxan jarraituko badu, beharrezkoak ditugu ahots berriak. Bizitzari begiratzeko balizko hainbat modu jaso beharko genituzke eta horretarako egile berriak plazan jartzea ezinbestekoa dela uste dut, eta gure nahia da haiei ateak irekitzea", esan du.
Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu ahal izan dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, zatika edo osorik inon argitaratu gabeak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatu gabeak.
Ekitaldian honakoek hartu dute parte: Ion Zubiaurre, alkateordea; Aitor Iriondo, Hezkuntza, Gazteria eta Euskara zinegotzia; Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon, epaimahaikideak; Julian Aizpurua, Danobat Kooperatiba Elkarteko presidentea; Itzea Urkizu Elkar argitaletxeko ordezkaria; Jasone Osoro, bekaren mentorea eta Arturo Andrade, eskultorea eta beka honetako garaikurraren egilea.