Udal Gobernutik esan zuten dagoeneko martxan dagoela "kalteak dokumentatzeko, baloratzeko eta artatzeko prozedura", eta orain aurrerakinen udal-prozedura paralelo bat sortzeak ez dakarrela berme gehigarririk; kontrara, adierazi zuten kalte eragin liezaiekeela kausak eta erantzukizunak zehazteko behar diren dokumentazioari eta balorazio teknikoari. Hala, mozio alternatibo bat aurkeztu zuen Udal Gobernuak, "auzokideekin dituen konpromisoak" zehazten dituena. EHBildutik salatu dute ez zeukatela kontramozio horren berri, eta bilkurara iristean jakin zutela. Ezker abertzaleko koalizioak kontra bozkatu zuen, haien ustez egoera bere horretan lagatzea eskatzen duelako, baina Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu egin zen osoko bilkuran.
Sei konpromiso
Onartutako mozioak sei konpromiso jasotzen ditu, honakoak:
- Auzotarren segurtasuna, bizigarritasuna eta eskubideak lehenestea, teknikoki premiazko erantzuna behar duten egoeretan berehala jardunez.
- Kaltetutako etxebizitzen jarraipen tekniko eta dokumental indibidualizatua bermatzea, pitzaduren protokoloaren eta jarraipen-sistemen bidez.
- Arreta emateko eta ukitutako auzokideekin komunikatzeko bide argia izatea, eta kasu bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua egitea.
- Premiazko egoeretarako protokolo espezifiko bat ezartzea, patologien balorazio globalari itxaron beharrik gabe.
- Beharrezko kudeaketak berehala egitea, premiazko konponketa behar dela uste denean, aldez aurretik erantzukizunik epaitu gabe.
- Egonkortze-fasea amaitu eta dagozkion egiaztapenak egin ondoren, patologien balorazio orokorra egitea eta obrei lotutako kalteak erantzuleek konpon ditzatela eskatzea.