Indarrak batu dituzte Euskadiko lau kros historikoek, tartean Mugertza krosak

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarko, Zornotzako, Lasarteko eta Amurrioko krosen antolatzaileek proiektu komun bat aurkeztu dute gaur Elgoibarren. Euskadiko Nazioarteko Krosak izenpean batu dira.

Elgoibarko Juan Muguerza Krosak, Zornotza Krosak, Donostia-Lasarteko Krosak eta Amurrioko Krosak haien arteko elkarlana sendotzea erabaki dute, eta bateratze horren emaitza -edo hastapena- aurkeztu dute gaur, Elgoibarko Musika Eskolan egin duten agerraldian.

Hala, aurrerantzean, "Euskadiko Krosak" markapean arituko dira lau proba historiko horiek. Elkarrekin arituta eta eraginda, bertoko krosei zabalkunde handiagoa emateko modua izango dutela azaldu dute batzearen arrazoiaz. "Erabakiaren oinarria elkarlana da. Urte asko daramatzagu bakoitzak gure proba antolatzen, maila oso duinarekin eta herriaren babesarekin. Baina argi dugu gauza bat: indartsuagoak gara elkarrekin bakarrik arituta baino. Gainera, elkarlan estuak mesede egingo dio proiektu bakoitzari ere", azaldu dute.

Lau krosak urteko egutegian osagarriak direla adierazi dute; eta, orain, zirkuitu moduan aurkeztuko dira korrikalari, zale eta komunikabideen aurrean. Horrek ikusgarritasuna handitzen lagunduko diela uste dute, eta aldi berean, probari zein horien atzean dauden kluben lanari balioa aitortu.

Elkarrekin indar hartzen

Orain arte moduan jokatuko dira lau krosak, bakoitza dagokionean, bakoitzak bere nortasunarekin, antolatzaile-taldearekin eta tradizioarekin. Baina orain marka komun baten babespean mugituko dira: Euskadiko Krosak. "Helburua argia da: elkarrekin indar hartzea, Euskal Herriko kros-atletismoa indartzea eta, azken batean, errotutako proba hauek etorkizunera begira sendotzea". Hona krosen egutegia:

  • Zornotza Krosa — urriaren 18a
  • Donosita-Lasarteko Krosa — azaroaren 1a
  • Amurrioko Krosa — abenduaren 27a
  • Elgoibarko Juan Muguerza Krosa — urtarrilaren 17a

Babesleei esker ona

Antolatzaileek babesleei esker ona adierazi diete. "Egia esan behar da: gaur egun ez da erraza kirol-proba batek behar dituen babesleak lortzea. Horregatik, gurekin batera konpromisoa hartzen duten enpresa eta erakunde bakoitza funtsezkoa da. Gaur, gure esker ona agertu nahi diegu publikoki".

Krosetako ordezkariez gainera, gaurko ekitaldian hainbat ordezkarik hartu dute parte, besteak beste: Elgoibarko eta Zornotzako alkateek, Amurrioko Udaleko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriagak, Gipuzkoako Aldundiko Kirol zuzendari Roberto Ramajok eta Eitb-ko kirol zuzendari Amane Ibañezek.

Euskadiko Krosak ekimena aurkezteko ekitaldian parte hartu duten lagunak Lekuederren. BARRENA