Albacete taldea entrenatuko du Joseba Etxeberriak

Asier Orbea Ostolaza

Joseba Etxeberria aurkezpen ekitaldian. Albacete Balonpie.

Espainiako futbol ligako Bigarren Mailako (LaLiga Hypermotion) sailkapeneko zuloan dago Albacete Balonpie futbol taldea, jokoan zeuden 24 puntuetatik bakarra irabazita. Egoera horretatik ateratzeko fitxatu dute Joseba Etxeberria Lizardi (Elgoibar, 1977).

Albacetek eta Etxeberriak denboraldi amaierara arteko kontratua sinatu dute. Entrenatzaile elgoibartarrak Alberto Gonzalez ordezkatuko du mantxegoen aulkitxoan, ligako azken jardunaldian Eibarren aurka 1-3 galdu ostean kargubabetu berri duten entrenatzaile andaluziarra. Hortaz, egoera iraultzeko eman diote konfiantza Etxeberriari. Honek badu eskarmentua, 150 partida baino gehiago zuzendu baititu Bigarren Mailan entrenatzaile lanetan aritu den sei denboraldietan, besteak beste, Tenerifen, Mirandesen eta Eibarren. Iaz, berriz, Murtzia entrenatu zuen Lehen Federazio mailan.

Albacete entrenatzeko erabakia arin hartu duela azaldu du Athleticeko jokalari nabarmena izandakoak, eta zehaztu du gehiago erreparatu diola jokalariek duten mailari une honetan taldea sailkapeneko azken postuan egoteari baino. 

"Bizpahiru talde aparte lagata, ez dugu haien inbidiarik izan behar. Gure mailarik onena emateko gai bagara, puntu asko aterako ditugu. Albacetek orain arte jokatu dituen partidak ikusi ditut. Joko-mailari dagokionez, ondo egon dira, baina bi areetan gertatu dena erabakigarria izan da. Hobetzeko modu bakarra da gehien kostatzen zaizun horretan hobetzen saiatzea, baina, betiere ondo egiten duzun horri eutsiz. Baliabideak, egoerari buelta emateko tresnak, baditugu. Aldiz, aitzakiarik ez, halakorik ez daukagu", adierazi zuen Etxeberriak entrenatzaile berria aurkezteko egin zuten agerraldian (ikus hemen). 

Etxeberriak Jose Antonio Valle "Pitxi" izango du bigarren entrenatzaile eta Javi Gonzalez arduratuko da taldearen prestaketa fisikoaz.

Joseba Etxeberria entrenatzaile berria aurkezteko ekitaldian. Albacete Balonpie.