Ekimen honen bidez, Udalak, herritarren "eskaera historikoa" izan denari erantzun bat emateaz gainera, "benetako" alternatiba bat finkatu nahi du, auto pribatuaren erabilera murrizteko eta eskualdean mugikortasun kolektibo eta iraunkorra bultzatzeko.
Udaletik argitu dutenez, bigarrengoz egin duten eskaera hori Bizkaiko Foru Aldundiaren ezezkoaren ondoren etorri da. Azaldu dutenez, Bizkaiko Aldundiak Elgoibar eta Bilbo lotzeko autobus linea zuzen bat martxan jartzea baztertu zuen, Elgoibartik Eibarrera joan eta han autobus berri bat hartuta Bilbora joan daitekeela argudiatuz. Udal arduradunak, baina, ez datoz bat azalpen horrekin, nahitaez egin beharreko autobus aldaketa horrek "denborak larriki zigortzen dituela eta pizgarria kentzen diola" uste baitute. Udalak dioenez, garraio publikoa "motela eta zalantzazkoa" denean, behargin eta ikasle gehienek autoaren aldeko autua egiten dute, horretarako aukerarik badute.
"Administrazio publikook emisioak murriztu, metropoliko sarbideak arindu eta AP-8an autoen bolumena murriztu nahi badugu, benetan nahi baditugu helburu horiek erdietsi, benetako erraztasunak eman behar dizkiegu herritarrei", adierazi du Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak. Bere hitzetan, Elgoibarko bizilagun bati Eibarko lotune batera joan eta han itxaroteko eskatzea; gainera, autobusa bidaiariz beteta etortzeko arriskua egon daitekeenean ordurik jendetsuenetan, jasangarritasunaren kontrako bidea da; are gehiago, norbere autoa hartzeko "gonbidapen zuzena" dela dio. Eibar eta Bilbo lotzen dituen linea Elgoibarreraino luzatzeak, zazpi kilometro gaineratzeak, zerbitzu erabilgarri baten eta garraio kolektiboa uztearen arteko aldea markatuko lukeela esan du Gurrutxagak.
Hargatik, alkateak uste du, beharrezkoa dela erakunde arteko elkarlanaren bidez, gure herritarrentzat onak diren zerbitzu eta proiektuak aurrera eramatea. Zentzu horretan, bigarrengoz egin duten eskaera honetan, zerbitzuen analisia egin eta atzeman dituzten aukerak aurkeztu nahi dituzte, eskaeraren bideragarritasuna agerian gera dadin.
Udaletik zehaztu dutenez, alternatiba bideragarriak proposatu dizkio Foru Aldundiari, beharrezkoak ez diren baliabideak arriskuan jar ez daitezen, besteak beste, honakoak:
- Puntako ordu-tarteetan fokua jartzea: Zuzeneko autobusak abian jartzea lan- eta unibertsitate-sarrera eta -irteerako orduetan (goiz eta arratsaldez), erabiltzaileak ibilgailu pribatuaren pareko denboretan Bilbora iristen direla bermatuz.
- Lurralde arteko lankidetza (Bizkaia – Gipuzkoa): Bi administrazioak koordinatzea, Debabarreneko oztopo administratiboak ezabatuko dituen finantzaketako eta zerbitzuko hitzarmena artikulatzeko.
- Eragina deskarbonizazioan: Elgoibar – Bilbo autopista ibilbidea egunero egiten duten ehunka gidari erakartzea, garraio-eskaintza trantsizio energetikoaren arloan eskualde- eta herrialde-helburuekin lerrokatuz.