Andrea Borrazasen margolanekin osatutako erakusketa hilaren 15era arte egongo da ikusgai Kultur Etxean

Asier Orbea Ostolaza

'Nor naizen' izena dauka Andrea Borrazas Ricok (Elgoibar, 2004) bere artelanekin osatu duen erakusketak. Urriaren 1ean inauguratu zuten eta hilaren 15era arte egongo da zabalik, Elgoibarko Kultur Etxean.

Artistak berak honela azaldu du erakusketan ikus daitekeena: "Bizitza norberaren burua bilatzean datza. Horregatik, urte hauetan nor izan naizen erakutsiko dizuet pinturaren eta pintazeko teknika ezberdinen bidez".

Borrazasek estreinakoz jarriko ditu jendaurrean bere artelanak. Erakusketa antolatzearena hilabeteetako lan gogorra izan dela dio, baina, aldi berean, oso pozik eta ilusioz beteta dago. Eskerrak eman dizkie Elgoibarko Udalari eta bereziki Kultura Saileko teknikari Blanca Salegiri. 
Diseinu grafikoko ikasketak ditu eginak Borrazasek (ikus bere webgunean), eta dioenez artea zein diseinua betidanik gustatu izan zaizkio; oro har, sortzea du gogoko. Bere buruaz sortzailea, langilea, sutsua, eta ausarta dela dio.

Ordutegia:
-Urriaren 1etik 15era, Elgoibarko Kultur Etxean

  • 11:00-13:00
  • 18:00-20:00
  • ☆ Ordutegi horretan joan ezin dutenentzat, bisita gidatuak edo bestelako orduetako bisitak antolatzeko prest dago artista bera.