Hainbat ekintza egingo dituzte Elgoibarren Dislexiaren nazioarteko egunaren harira

Ainhoa Andonegi Alonso

Bihar, urriak 8, dislexiaren nazioarteko eguna da, eta horren bueltan, bi ekimen egingo dituzte datozen egunetan: bihar bertan, informazioa ematen egongo dira Aita Agirren, eta hilaren 14rako berriz, hitzaldi bat antolatu dute.

Urriaren 8an Dislexiaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, Gipuzkoako Dislexia Elkarteko Debabarrenako delegazioak bi ekimen antolatu ditu Elgoibarren, dislexiaren inguruan sentsibilizatzeko eta herritarrei informazioa helarazteko. Batetik, dislexiari buruzko zalantzak argitzeko eta informazioa emateko gunea jarriko du bihar Aita Agirren. Ikasketa zailtasunen gaineko kezkak  azalduko dituzte, 17:00etatik aurrera. 

Hitzaldia, eguaztenean 

Horrez gain, hitzaldi bat antolatu dute hilaren 14rako: Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalari ohia izango da hizlaria, eta besteak beste, ikasketa zailtasunei eta bullying-ari buruzko hitzaldia eskainiko du, bere esperientziatik abiatuta. Iñaki Zubizarreta Telleria (Madril, 1972) saskibaloi jokalari profesionala izateari utzi eta gero, eskola jazarpenaren aurkako ekintzaile gisa nabarmendu da. Gaztaroko sufrimendu haiek gogoan, gizartea kontzientziatu nahi du jazapenaren aurrean ez isiltzearen garrantziaz. Debabarreneko delegazioko arduradunek eskolak, familiak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte, ikasketa zailtasunak hobeto ulertu eta guztion artean errespetua eta aniztasuna bultzatzeko. LH5etik DBH4ra arteko gazteentzako aurreikusi dute saioa, eta Dislegiko familietako gazteek Iñakirekin zuzenean gaia lantzeko aukera izango dute.

19:00etan izango da hitzaldia, gaztelaniaz.