Zornotzako nazioarteko krosa izango da denboraldiko aurrenekoa, urriaren 18an; eta etxean emango diote amaiera kros denboraldiari, urtarrilaren 17an jokatuko den Mugertza krosean. Azken urteetan gertatu den moduan, ordezkari ugari izango ditu Mintxetak.
Denboraldi honetan senior mailako hamasei antxitxikari daude taldean, eta eskola umeentzako izen ematea zabalik dute oraindik. Interesatuak mintxetakluba@mintxeta.com helbidera idatzita jar daitezke haiekin harremanetan.
Joan den irailaren 14an hasi zituzten entrenamenduak Mintxetakoek. Urtero moduan, era askotariko disziplinak probatzeko eta lantzeko aukera edukiko dute taldekideek, besteak beste, krosa, abiadura probak, iraupen luzekoak, jaurtiketak edo jauziak.
Denboraldiaren estreinaldia, Jose Merino Memorialean
Mintxeta taldeko hiru kidek joan den zapatuan estreinatu zuten denboraldia, Ermuan jokatu zuten XXXVIII. Jose Merino Memorialean lehiatuta; eta gainera, emaitza onak lortuz. Oihane Agirrebeña laugarren postuan sailkatu zen emakumezkoetan 43:57ko denbora eginda; eta, gizonezkoetan Mikel Agirrebeña eta Mikel Hernandez lehen hamar postuetan sailkatu ziren: zazpigarrengoan Agirrebeña (34:49) eta hamargarrengoan Hernandez (35:05’).
Jon Unzueta durangarra eta Aitziber Urkiola eibartarra gailendu ziren 10 kilometroko ibilbidea izan zuen lasterketan (probako emaitzak eta irudiak HEMEN)

