Datorren urteko uztailaren 3an jokatuko dute urtez urte indarra hartzen joan den erronkaren zazpigarren ekitaldia, eta izena emateko epea zabaldu dute.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru lagunez osatutako taldeek mistoak izan beharko dute; talde bakoitzean gizon edo emakume bat, gutxienez. Gainera, "lagunartekoak" izan beharko dute taldekideek, hau da, kuadrilla, kirol talde edo kinta berekoak, edo bikote harreman batean daudenak, bestela.
Taldekide bakoitzak kirol disziplina bakarra osatu beharko du: lehenak igerian Mutrikuko portuan; bigarrenak bizikletaz Mutrikutik Elgoibarrera; eta hirugarrenak Kalegoen plazatik Karakate gainera ailegatu beharko du.
Interesa dutenek azaroaren 30erako eman beharko dute izena LaRoitakoekin instagramen duten kontuaren bidez harremanetan jarrita.
Iazko erronkan neska eta mutilez osatutako hiruko lau talde lehiatu ziren eta Gaztienak (Ane Arregi, Iker Berristain eta Aimar Elizburu) taldea izan zen irabazlea.