Hainbat eragilek antolatu dute hausnarketarako saioa: Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon elkarteak, Siadekok, eta Batera Elgoibarren herri ekimenak. Urriaren 15ean, ostegunez, izango da Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, 18:30ean.
Ekitaldia abian jartzeko, Siadeco ikerketa elkarteak 2025ean Elgoibarren egin zuen ikerketa soziolinguistikoak emandako emaitzak oinarri hartuta, euskarak, gaur egun, gure herrian bizi duen egoerari buruz berba egingo dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, azken 40 urteetan zertan egin dugun hobera eta zertan egin dugun atzera azalduko dute. Siadecoko ordezkarien azalpenen ostean, solasaldia egingo dute bertaratutakoek, honako galdera honi erantzuteko asmotan: Zer eta zelan egingo dugu gure herria euskaldunagoa izateko hamar urte barru?. Talde-gogoeta egingo dute, datozen hamar urteotan, Elgoibarren euskara gehiago hitz egiteko eta entzuteko ezarri behar diren lehentasunen inguruan.
Itzulpen zerbitzua
Ekitaldia euskaraz izango den arren, euskaratik gaztelaniarako itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute. Hori dela eta, antolatzaileek eskatzen dute itzulpen zerbitzua erabiltzeko premia dutenek aldez aurretik horren berri eman dezatela euskara@elgoibar.eus posta helbidean edo 943 744 366 telefono zenbakian.
