Irailik lehorrenaren ostean, euritsu hasi da urria

Asier Orbea Ostolaza

Ipar-mendebaldeko fronte batek prezipitazio handiak ekarri ditu Euskal Herrira, eta Debabarrenean ere igarri da. Euri jasen ondorioz, atzo ia 40 litro batu ziren metro karratuko Altzolako eta Aixolako estazio hidrometeorologikoetan, alegia, irail osoan egin zuena baino euri gehiago, egun bakarrean.

Euskalmetek Altzolan duen estazioan metro karratuko 38,5 litro batu zituzten atzo; 16,6 litro metro karratuko 16:10ean (Prezipitazioa orduko maximoa). Era berean, Aixolako estazioan metro karratuko 36,4 litro batu zituzten atzokoan. Hala, euri zaparrada mardulen ondorioz putzu handiak sortu ziren atzo arratsaldean: 17:20tik 20:40ra arte bota zuen euria mardulen. 

Aspalditik ez zuen horrela euririk egiten. Aurreko zapatu gauean bota zuen ekaitza izan zen aurrerapena, eta ipar-mendebaldeko fronteak prezipitazio handiak ekarri zituen atzo. Hain zuzen, abisu horia ezarri zuten prezipitazio handiengatik Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako ipar-ekialdean.

Deba ibaiko urek lurraren kolorea hartu zuten atzo, euri jasen ostean.

Irailik lehorrena

Euskalmeten datuen arabera, mende honetako irailik lehorrena izan da aurtengoa; eta, 1970etik izandako hirugarren beroena. Prezipitazioak oso urriak izan ziren hil osoan, eta zenbait estaziotan, iraileko serie historikoetako baliorik txikienak erregistratu zituzten. Pilatutako kantitate defizitarioena Arabako Lautadan izan zen, eta Moredan egin zuen gutxien (4 mm). Mendaro eta Elgoibar artean dagoen Altzolako estazioan metro karratuko 26,7 litro batu zituzten irailean (atzo egun bakarrean egin zuena baino kantitate txikiagoa). Irailaren 8a izan zen egunik euritsuena (8,7 l/m).
Tenperaturei dagokienez, iraila oso beroa izan zen. Batez besteko tenperaturak 19-20 °C ingurukoak izan ziren, Arabako Errioxan 21 °C-ak gaindituta, eta 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 2,6 °C inguru altuagoak izan ziren. Lurralde osoan, aurtengo iraila 1970etik izandako hirugarren irailik beroena izan zen, 1987koaren eta 2023koaren atzetik bakarrik. Zenbait eskualdetan, bereziki barnealdekoetan, serieko irailik beroena ere izan liteke. (informazio osoagoa hemen)

Urria euritsu hasi da

Urriko lehen zortzi egunetan metro karratuko 112,1 litro batu dituzte Altzolako estazioan. Hiru egunetan gainditu du metro karratuko 30 litroen langa: urriaren 3an (33 l/m²), 6an (31 l/m²) eta 7an (38,5 l/m²). Metro koadroko 30 litrotik gorako egunak euri-jasa handiko eguntzat hartzen dituzte adituek.