Gimnasio berritua estreinatu duzue. Gustura geratu zarete berrikuntzekin?
Egia esanda, bai, oso gustura gaude, eta garrantzitsuena erabiltzaileen erantzuna izan da. Herritarrek oso ondo erantzun dute, eta jende pila bat ari da etortzen. Hilabeteko epean 590 erabiltzaile pasatu dira hemendik, 410 gizonezko eta 180 emakumezko. Lehen, batez ere, gizonak etortzen ziren, baina orain, emakumezkoak ere asko ugaritu dira.
Zein aldaketa nagusi egin dituzue?
23 makina berri ekarri ditugu, eta, horrez gain, gimnasioa hiru espaziotan banatu dugu: kardio aretoa daukagu, batetik; bestetik, makina gidatuak daude; eta hirugarren espazioan pisu libreko gunea sortu dugu, barrekin eta mankuernekin. Luzaketak egiteko eta abdominalak lantzeko gune txiki bat ere badago, nahi duenak ariketak egin ditzan bere pisua erabiliz. Espazio bereizketa horrekin, jendea sakabanatu egiten da, eta lehengoak baino bete sentsazio gutxiago ematen du. Gazteek, esaterako, pisu libreko gunea erabiltzen dute asko, eta helduek nahiago dituzte makinak. Kardio gunean denetik biltzen da. Leku gehiago dagoenez, erabiltzaileek erosotasun eta lasaitasun handiagoz entrenatu dezakete. Lurra ere berritu egin dugu, hormak margotu, atzeko aldean kristala jarri dugu argi naturala izateko, aire sistema ere berritu dugu... Horrek guztiak erakargarriago eta erosoago bilakatu du gimnasioa. Horrekin batera, Olaizagako gimnasioan ere egin ditugu hainbat berrikuntza; beraz, esango nuke elgoibartarren gimnasio beharra aseta dagoela gaur egun.
Ze inpresio jaso duzue erabiltzaileengandik?
Erabiltzaileen erantzuna oso positiboa izaten ari da, eta jendea gustura eta eskertuta dago. Askok ez zuten espero irailaren 1erako gimnasioa zabalduko genuenik, eta hitz emandako datan zabaldu izana oso garrantzitsua izan da.
Nola erabaki duzue zein makina berri sartuko zenuten?
Ekain hasieran erabiltzaileekin bildu nintzen, galdetzeko zein behar ikusten zituzten. Informazio guztia jaso nuen, eta hartan oinarrituta egin nuen makina berrien zerrenda. Ondoren, bi bilera egin genituen, Kultur Etxean, erabiltzaileekin, makina berri horiek erakusteko. Ekarpenak egiteko aukera eman genien, eta azken moldaketak egin ondoren egin genuen azken eskaera. Merkatua oso zabala da eta aukeraketa egokia egitea garrantzitsua da.
Makinak erabiltzen ikasteko doako saioak antolatu dituzue. Zelako harrera izan dute?
Oso ona, saio guztiak bete dira. Adinaren arabera antolatu ditugu saioak; batzuk 50 urtetik gorakoentzat izan dira eta besteak 50 urtetik beherakoentzat.
Ez al zaizu iruditzen adituak ez diren erabiltzaileei laguntzeko monitore bat egon beharko litzatekeela gimnasioan?
Guretzat garrantzitsua da lehendabizi erabiltzaileei makina modu egoki eta seguruan erabiltzen erakustea, minik ez hartzeko, eta horretarako atera ditugu hamar saio. Jendea itxarote-zerrendan geratu da, eta, saioek izandako arrakasta ikusita, saio gehiago aterako ditugu. Horrez gain, hausnartzen ari gara muskulazio-gelan monitore bat jartzeko aukera.
Zein tipologiatako erabiltzaileak etortzen dira gimnasiora? Urteekin aldatu egin al da erabiltzaileen profila?
Batez ere, gazteak etortzen dira, baina azken urteotan, 50 urtetik gorako erabiltzaileen kopuruak gora egin du nabarmen eta ate irekien saioetan 60 urtetik gorako jendea ere ibili da. Lehen ere etortzen ziren gazteak, baina esango nuke gaur egun gazteagoak etortzen direla. 16 urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dute bakarrik etortzeko. Elgoibartarrak jarduera fisikoa egitera animatu nahi ditugu, bereziki, muskulazio gela berritua ezagutzera eta probatzera. Aukera ona da osasuna zaintzeko, indarra eta ongizatea hobetzeko eta ariketa fisikoaz gozatzeko.
Zein helbururekin joaten dira gazteak gimnasiora?
Askok itxura hobetzea dute helburu. Sare sozialek ez dute batere laguntzen, eta askok han ikusten dituzten gorputzak nahi dituzte. Alde horretatik, aldaketa handia gertatu da, eta oso gaztetatik hasten dira irudia zaintzen. Kirola egiteaz eta entrenatzeaz gain, sozializatzera ere etortzen dira.Gimnasioak elkartzeko, harremanak egiteko eta sozializatzeko gune ere bihurtu dira gazteentzat. Hala ere, adina edozein dela ere, gehienak konturatu dira osasuntsu egoteko kirola egitea zein garrantzitsua den. Jendea oso sasoiko dago.
Erantzuteko prest zeuden lagunak topatzea kosta bazaigu ere, zenbait erabiltzaileren iritziak jaso ditugu HEMEN
