Dendako ugazaba Remedios Serena topatu dugu margolanari azken ukituak ematen. Azaldu duenez, urtaroekin batera aldatzen du hormako margolana. Udazkenerakoa amaitu berri du.
Halere, bada hasieratik mantentzen den irudi bat, txantxangorriarena. "Harro nago nola geratu zaidan, eta ez daukat kentzeko asmorik", dio, irribarre batekin. Jendeari ere deigarria egiten zaiola dio, gehien aipatzen diotena baita. Bezeroek eskertzen diote ingurua dotoretzeko egiten duen ahalegina, eta dendaren parean duen tabernako bezeroek ere iruzkin onak egin dizkiote. Remediosek natura eta, nola ez, medikuntza naturala ditu inspirazio-iturri.
Horma oso zikina zegoelako hasi zen margotzen, pandemia sasoian. "Arratsaldeetan lasaiago egoten nintzenez, zerbait egitea erabaki nuen, entretenitzeko beharra nuelako eta oso itsusi ematen zuelako". Denda txikiek herriari bizitasuna ematen diotela esan ohi da, eta alaitasuna eta kolorea gaineratu dizkio hark.
Ekintzekin, erakutsi
Kontua da aurrez sekula inon marraztu gabea zela, ez halako horma handietan ez txikiagoetan. Elkarrizketara batu da Remediosen alaba Ainhoa, eta gogora ekarri du marrazketarako esku ona duela amak, umetan eskolako lanekin laguntzen zionean oso ondo marrazten zuela akorduan baitu. "Badauka berezko gaitasun bat", dio alabak. Amak onartzen du esku trebeak dituela, edozertarako. Alabaina, uste du gakoa norbere buruaz ziur egotea dela; gauzak egiteko ausarta eta ekintzailea izateari balio handiagoa ematen dio trebea izateari baino. "Ez diot beldurrik gaizki egiteari. Ezabatuko dut, saiatuko naiz berriro, eta kitto! Margotzen margotuz ikasten baita". Orain arte autodidakta izan den arren, ikasteko harra sartu zaio, eta margo ikastaroetan dabil azken hilabeteetan. Astean behin joaten da Udalak antolatzen duen ikastarora. Eta erronka bat jarri dio bere buruari: aurpegiak margotzen ikasi nahi du. "Baina, lasai, oraingoz ez daukat-eta inoren aurpegirik hormara eramateko asmorik". Izan duen ekimen horrekin eskulana ere aldarrikatu nahi du, merkatariek euren berri emateko sare sozialetara eta adimen artifizialera gero eta sarriago jotzen duten garaiotan.
"Nork bere ingurua edo dagokiona txukundu eta ahal dugun neurrian dotoretuz gero, denok irabaziko dugu"
Andaluziako Belmez (Kordoba, Espainia) herri txikian jaio zen Serena, eta 14 urterekin etorri zen estreinakoz Elgoibarrera. Duela 30 urte zabaldu zuen Surya belar-denda, eta erretiro aktiboa hartu zuen orain bi urte. Hortaz, margotzeari eskaintzeko denbora gehiago du orain. Mundua aldatu nahi baduzu, hasi zugandik, dio esaera batek, eta filosofia horrekin bat egiten du. "Nork bere ingurua edo dagokiona txukundu eta ahal dugun neurrian dotoretuz gero, denok irabaziko dugu. Horrela hezi ninduten ni; etxe aurrea garbitzea zen nire jaioterrian egiten genuen lehen lana. Horixe da zabaldu nahi dudan mezua. Guztion ardura da".