Bertan behera laga dute Idotorbeko txirrindulari igoera

Asier Orbea Ostolaza

Hasier Murua, iazko irabazlea, Idotorben gora. BARRENA

Urtero legez, urriaren 12an jokatzekoak ziren Elgoibarko Lagun Taldeak Julian San Juanen Oroimenez antolatzen duen Idotorbeko igoera, baina aurtengoa ezin izango dutela antolatu jakinarazi dute.

Txirrindularitza lasterketak antolatu ahal izateko beharrezkoa da Trafiko Zuzendaritzak ematen duen administrazio-baimena, baina garaiz eskatu ez dutenez, -30 egun lehenago egin behar da- ezingo dute aurtengoa antolatu.

Eman nahiko luketen albistea izatetik urrun dagoen arren, antolatzaileek aukera aprobetxatu dute urtez urte antolakuntza lanetan lagun izan dituzten guztiei eskerrak emateko, "parte-hartzaileei, laguntzaileei, babesleei, boluntarioei eta gurekin zaudeten guztiei. Edizio bakoitza berezia da zuei esker, eta horri balioa ematen jarraitu nahi dugu. Aurten etenaldi bat egitea egokituko zaigu, baina txirrindularitzarekiko dugun pasioa partekatzen jarraitzeko gogoak bere horretan dirau", adierazi dute.

Iaz, probaren 34. edizioan, 43 txirrindularik parte hartu zuten eta Hasier Murua elgoibartarra eta Naroa Erbiti leitzarra izan ziren azkarrenak.