Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa irabazi du Leire Egañak, bigarren urtez jarraian

Asier Orbea Ostolaza

Iaz estreinakoz eskuratu zuen tituluari eutsi dio Leire Egaña ehiztari elgoibartarrak, Emakumezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketaren 13. ekitaldia irabazita.

Munera herrian (Albacete, Espainia) jokatu zuten aurtengo txapelketa, joan den zapatuan. Erkidegoetako txapelketetan nabarmendu ziren 40 ehiztari aritu ziren lehian, eta Leire Egaña gailendu zen, nagusitasunez. Euskadiko ehiza federazioa ordezkatu zuen Mintxetako ehiztariak bi eper eta sei untxi aurkeztu zituen azken kontrol postuan, 2.600 puntu batuz. Gaztela-Mantxako ordezkari Miriam Huerta sailkatu zen bigarren postuan, 1850 punturekin (bi eper eta hiru untxi). Bigarren sailkatuaren puntu kopuru eta ehiza bera aurkeztu zuen Anabel Romero andaluziarrak, hirugarren sailkatuak: 1850 puntu, bi eper eta hiru untxi.

Honenbestez, segidako bigarren txapela eskuratu du Leire Egañak, iaz Ciudad Realen jokatutako txapelketan gailendu baitzen. Aurrez, birritan izan zen txapeldunorde (2018an eta 2019an). 2024an Espainiako Oilagor Ehiza Txapelketaren estreinako ekitaldia ere lortu zuen ehiztari elgoibartarrak.
Leireren neba Arkaitzek ere bi alditan irabazi du Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa; 2012koa eta 2015ekoa.