Arrigorriagako Lonbo aretoan egingo dute Euskal Mendizaletasunaren Gala, urriaren 16an, 18:30etik aurrera. Club Alpino Padura Mendi Taldea arduratuko da antolakuntzaz, klubarentzat bereziki esanguratsua den urte honetan: 75. urteurrena ospatzen ari da.
Galan, mendizaletasunarekin lotura estua duten zazpi lagunek jasoko dute aitortza, tartean Eñaut Izagirrek, hain justu ere Jarduerarik Interesgarrienaren Antxon Bandres saria emango diote geografo eta glaziologo elgoibartarrari. Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik sarituko dute glaziologo elgoibartarra.
Gainerako sarituak
- Urteko aitortza nagusia den Andres Espinosa, Euskal Mendizale 2026 saria, Mikel eta Jon Inoriza anai alpinista eta eskalatzaileek jasoko dute.
- Ibilbideari emandako saria Baltasar Zapatero eta Jose Nieto Madridek jasoko dute, mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidearengatik.
- Euskal Mendizaletasunaren Lagunak saria Txema Noval mendizaleari emango diote, urte luzez hainbat kirol eta boluntariotza ekimenekin eduki duen loturagatik.
- Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria Mutrikun bizi den Oihana Kortazar mendi lasterkari elgetarrak jasoko du, nazioarteko titulu garrantzitsuak lortu dituen kirol ibilbideagatik.
Pyrenaica aldizkariaren sariak
Ondoren, Pyrenaica aldizkariaren ohiko urteko sariak banatuko dituzte, argazki eta artikulu onenak eta blogean bisita gehien jaso dituzten argitalpenak saritzeko.
