Inazio Garmendia hil da, 1995etik 2000. urtera Elgoibarko Izarrako lehendakaria izan zena

Ainara Argoitia Arano

Iñazio Garmendia. Familiak lagatako argazkia.

Elkartea desagertzear zela hartu zuen Inazio Garmendiak lehendakari kargua eta bost urtez bete zuen ardura hori (1995-2000). Azpeitiarra zen sortzez, senez eta egitez euskaltzalea, eta irakaskuntzan eman zituen euskararen munduan lehen pausoak. Gaur hil da, 75 urterekin, eta hil-beila Elgoibarko Etxeberria beilatokian egingo diote bihar, asteazkena, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19.30era. Azken agurra sendi giroan egingo diote.

Arnasberrituko bazen euskarak, administrazioaren laguntzaz gain, herritarren eguneroko bulkada behar zituela uste zuen, eta horixe izan da Garmendia bizialdian ibili den leku guztietan: euskararen aldeko hauspoa. Euskaltzale konprometitua eta militante aktiboa izan da, eta osasunak laga dion artean gorputz-arima jardun da Elgoibarren euskararen alde lanean. 1973an, 22 urterekin, maisu hasi zen Elgoibar Ikastolan,  Hezkuntza sistemak euskaldunen eskuetan behar zuela sinetsita, eta hiru urte geroago, Mari Juli Conde ikastolako andereñoarekin ezkondu zen.  Orduko beste irakasle askok bezala, konta ezin beste ordu eman zituen testugintzan eta liburugintzan ere, ikastolan lehenengo eta Elgoibar BH institutuan gero. 1982an hasi zen institutuan, euskarako irakasle, irakasle agregatu gisa, eta Euskara Mintegiko kide eta Institutuko zuzendari ere izan zen hainbat urtez.

Elgoibarko Izarraren gau eskolak

Ikastolan maisu izan zen garaian, 80ko hamarkadan, Elgoibarko Izarraren gau-eskoletan ere jardun zen irakasle, Andres Alberdik eskatuta. "Kontua da euskararen ezagutza lantzen genuela ikastolan, baina herrian ez genuela euskararen aldeko kontzientziarik ikusten. Horregatik, batzorde bat osatu genuen kontzientziazioa lantzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko", kontatua du Elgoibarko Izarraren Izarren hautsa 40 urtean libururako Imanol Larrañagak egindako elkarrizketan. Hain justu, Garmendiak berak eskatuta hasi zen Elgoibarko Izarran lanean Larrañaga 1990eko udazkenean. Urte hartan, elkarteko zenbait bazkidek elkartea bertan behera lagatzea proposatu zuten Batzar Orokorrean, elkartearen urteko jardunari "oso pobrea" iritzita. Baina kontra agertu zen Garmendia, beste bizpahiru bazkiderekin batera. Hala, 1990eko udazkenean, bigarren etapari ekin zion Elgoibarko Izarrak, eta bi etapen arteko zubia izan zen Garmendia. Elkarteak aurrera egiteko, dedikazio profesionala ezinbestekoa zela uste izan zuten elkarteari eutsi behar zitzaiola erabaki zuten haiek, eta formula berria proposatu zuten, lan profesionala eta militantea uztartzen zituena. 

Osasunez makal eman ditu Garmendiak azken urteak, baina ahal izan duen bitartean, Elgoibarko Izarraren orbitan mugitu da, herritartasuna hizkuntzarekin lotzeko ahaleginean, aberritzat euskara zuela.