Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa irabazi du Iñigo Larizek, beteranoetan

Asier Orbea Ostolaza

Anboto Bertikala jokatu ondoren amaitu zen 2026ko Euskal Herriko Kopa, KB modalitatean. Iñigo Lariz podiumera igo da; maila nagusian zein beteranoenean.

Lau igoerek osatu dute 2026ko Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa: Txindokiko KB (Larraitz), Ardibidepikua Bertikala (Izaba), Beriain KB (Uharte Arakil) eta Anboto KB (Arrazola-Atxondo).

Aipaturiko lau probetan jokoan zeuden puntuak batu ostean, Aitor Ugarte Eriz aramaioarra eta Maider Unanue Aramburu lazkaoarra gailendu dira; hain zuzen Anbotoko igoeran garaipena eskuratu zuten batak zein besteek.

Morkaiko taldeko bi mendi-lasterkari beterano gazteagoekin lehian aritu dira aurtengoan ere, eta nabarmentzeko moduko emaitzak lortu dituzte. 

Batetik, Iñigo Larizek hirugarren postua eskuratu du senior mailan, Aitor Ugarteren eta Aritz Unamunoren atzetik. Ugartek 320 puntu batu ditu hiru proba irabazita (Ardibidepikua, Berian eta Anboto). Lehenengoan, Txindokikoan, ez zuen parte hartu. Aritz Unamuno bergararra izan da txapeldunorde. 2023ko Karakateko igoera irabazi zuen antxitxikariak 299 puntu batu ditu. Iñigo Larizek 277 puntu batuta lortu du podiumaren hirugarren kaxoira igotea. Horrez gain, Lariz izan da onena Master A kategorian, Imanol Goñiren eta Jose Miguel Hernandoren aurretik sailkatuta. 

Aritz Unamuno, Aitor Ugarte eta Iñigo Lariz Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopako azken podiumean. EMF.

Bestetik, Ainhoa Lendinez Garatek sailkapen nagusiko zazpigarren postua eskuratu du, bi probatan bakarrik lehiatu den arren, Txindokin eta Anboton. Emakumezkoetan Maider Unanue izan da jaun eta jabe, hiru igoeratan garaipena eskuratuta (Txindoki, Beriain eta Anboto). Lazkaoko kirolariak 320 puntu batu ditu guztira, txapeldunorde izan den Garazi Mujikak baino 11 puntu gehiago eta hirugarren postuan sailkatu den Leire Elolak baino 32 puntu gehiago. 

CATT Morkaiko taldeko Iñaki Egizabal Ojanguren elgetarra ere igo da podiumera, bigarren postua eskuratu baitu Master B mailako azken sailkapenean. 

Ainhoa Lendinez Anbotoko igoeran. anboto.org