%3 garestituko dira oro har udal zerga eta tasak 2027an Elgoibarren, Gipuzkoako KPIaren azpitik

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Udalbatzak aho batez onartu du Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena; horrenbestez, % 3ko igoera orokorra aplikatuko zaie tasa, zerga eta prezio publikoei 2027rako, KPIaren azpitik. Zabor tasa ordaintzeko, bestalde, sistema berria ezarriko dute, sortzen den zabor kopuruaren araberakoa. 

Elgoibarko Udalbatzak aho batez onartu du Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena; horrenbestez, % 3ko igoera orokorra aplikatuko zaie tasa, zerga eta prezio publikoei 2027rako. Igoera hori abuztuko urte arteko KPIaren azpitik kokatzen da, Euskadin % 4,5ean eta Gipuzkoan % 3,9an ezarri baitzen. 

Zaborren tasan, berrikuntza

Igoera orokorraz gain, badira salbuespenak, eta horien artean nabarmentzekoa da zaborra kobratzeko aplikatuko den sistema berria. Eredu "justuagoa" jarriko da martxan, Europak zehazten duen "gehiago kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar du" printzipioan oinarrituta. Eredu aldaketa horren eraginez, zaborraren gaineko tarifa bakarra kendu eta etxebizitzen eta jarduera ekonomikoen errealitate desberdinetara egokitutako tarifak zehaztuko dira. 

Hortaz, zaborren tasa kobratzeko sistema berriaren arabera, 2027an ez da igoerarik izango etxebizitzei kobratzen zaien tarifan. Datorren urtetik aurrera, 256 euroko egungo tarifa bakarra zati finko batean (66,06 euro, lau hilean behin) eta zati aldakor batean zatituko da, etxeab erroldatutako pertsona kopuruaren arabera. Oro har, pertsona bat edo bi erroldatuta dituzten etxeetan zabor-tasaren tarifa % 5,5 murriztuko da; hiru edo lau pertsona erroldatuta daudenetan % 2,7 merkatuko da eta bost pertsona edo gehiago erroldatuta daudenetan, orain arte bezala mantenduko da, "ia aldaketarik gabe".

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduetarako zabor tasari dagokionez, tarifa gehienak jaitsi egingo dira. Era berean, hondakin gutxi sortzeko jarduera multzo berri batean sartuko diren negozioei (bulegoak, farmaziak, ile-apaindegiak, aholkularitzak, jantokirik gabeko akademiak...) %18 murriztuko zaie zaborren tasagatik ordaintzen duten tarifa. Bestalde, jatetxeek, tabernek, kafetegiek, hotel txikiek eta elkarteek %9,2 gutxiago ordainduko dute; bankuek eta supermerkatuek, berriz, orain arte baino % 3,2 gehiago. Azkenik, industriari dagokionez, zabor-tasaren tarifak «pixkanaka egokituko dira enpresaren tamainara». 

Hobari gehiago

Familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta genero indarkeriaren biktimentzat aurreikusitako OHZren hobariak handituko dira, eta hobariak izango dituzte baita ere energia berriztagarriak erabiltzen dituztenek. Ibilgailu historikoetarako edo gutxienez 30 urteko antzinatasuna dutenentzat % 100eko hobaria adostu da. 

Azkenik, Herriko Antzokia erabiltzeko baldintza berriak onartu dituzte, eta horri esker baldintza jakin batzuek betetzen dituzten herriko elkarteek antzokia doan erabiltzeko aukera izango dute. 

EH Bildu, alde

EH Bilduk udal gobernuaren proposamenaren alde bozkatu zuen, presio fiskalaren igoera mugatua delako egungo urte arteko KPIaren azpitik; kirol-instalazioen tasak bere horretan jarraituko duelako; eta haiek egindako proposamenetako batzuk, "bereziki hondakinen tasari lotutakoak", txertatu direlako: "Uste dugu neurri horiek aurrerapauso bat direla, nahiz eta gure ekarpenetako asko oraindik onartu gabe geratu diren". Besteak beste, aipatu dituzte hutsik dauden etxebizitzei lotutako neurri fiskalak, zergen eta tasen genero-eraginaren azterketa, egoera zaurgarrian dauden herritarrentzako hobari osagarriak eta Herribusaren zerbitzuaren azterketa egitea.

Adierazi dutenez, EH Bilduren proposamenek zergen eta tasen izaera birbanatzailea indartzea izan dute helburu, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrak hobari eta neurri egokien bidez babesteko.  

Besteak beste, neurri hauek proposatu ditu EH Bilduk: Hondakinen alorrean familia-unitatearen diru-sarrerak eta kide kopurua kontuan hartuko dituen hobari-taula bat ezartzea; establezimenduen epigrafeak berrikustea, eta industriguneetako hondakin-frakzioak bitik laura handitzea. Hondakinen Mahaia berriz aktibatzea ere eskatu dute, "birziklatze-maila hobetzeko". Kirol instalazioetan, berriz, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familientzako zein gutxieneko errentatik beherako familientzako %30eko hobariak hobariak eskatu dituzte, eta %70ekoa mantentzea gizarte dirulaguntzak jasotzen dituzten kasuetarako. Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko OHZren errekargua (%100) eta kanona aplikatzea proposatu dute. Bestalde, herribus zerbitzua Santa Klarara zabaltzea, tarifak berrikustea, zerbitzuaren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa egitea eta gaur egun erabiltzaile jakin batzuei soilik aplikatzen zaizkien hobariak beste erabiltzaile batzuengana zabaltzea ere proposatu dute.