Urriaren 28rako antolatu dute Arreiturre Institutuaren 50. urteurreneko ospakizuna

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko Arreiturre Institutuak 50 urte bete ditu aurten, eta, urtean zehar beste ekintza batzuk ere egin badituzte ere, datorren urriaren 28rako antolatu dute ospakizun nagusia.

1976-1977ko ikasturtean eman zituzten estreinako eskolak Elgoibarko Batxilergo Institutuan, eta, horren harira, 50 urteotan eskolatik pasatu diren langile, familia zein ikasleak bildu nahi dituzte ekitaldi baten bueltan. Urteurreneko ospakizunak prestatzeko lantalde bat osatu zuten, eta buru-belarri aritu da urrezko ezteiak ospatzeko ekitaldiekin. Dagoeneko prest daukate, bada, egun horretarako egitaraua ere. 

Herriko Antzokian egingo dute ekitaldi ofiziala, 18:00etan hasita. Ongietorriaren ondoren, ikastetxearen 50 urteetako historia biltzen duen bideoa proiektatuko dute. Segidan, ikastetxeko irakasle ohi batek hartuko du hitza, eta aipamen bereziak ere egingo dituzte. Urteurrenari lotuta abesti bat sortu dute, eta egun horretan aurkeztuko dute. Eskolako zuzendari ohi batek itxiko du antzokiko ekitaldia. Institutuaren historiari buruzko liburuxka ere banatuko dute ekitaldian. 

EGITARAUA

  •  ONGIETORRIA
  •  BIDEO EMANALDIA
  •  IRAKASLE OHI BATEN HITZAK
  •  AIPAMENAK
  •  50. URTEURRENEKO ABESTIA
  •  ELGOIBARKO BHIko ZUZENDARIAREN HITZAK.
  •  ONDOREN,  Zizka-mizkak eta edariak, Maalako parkean 

Parte hartzeko deia

Ekitaldi ofizialaren ondoren, jai-giroan emango diote segida ospakizunari; beraz, Herriko Antzokiko ekitaldia amaitu ostean, mokadutxoa egingo dute elkarrekin, Maalako parkean. Mokadutxo hori antolatu ahal izateko, antolakuntzako kideek jakin nahiko lukete zenbat lagunek hartuko duten parte. "Badakigu asko izan zaretela 50 urteotan, modu batean edo bestean, eskolarekin harremana izan duzuenak, eta guztioi gonbidapen pertsonalizatua bidaltzea oso zaila egin zaigu. Eskertuko genizueke, beraz, ospakizun ekitaldira etortzeko asmoa duzuenok gurekin harremanetan jartzea", adierazi dute antolatzaileek. 

Bi bide jarri dituzte harremanetarako: 943 89 93 16 telefono zenbakia eta idazkaria.elgoibarbhi.eus helbide elektronikoa.