'La Odisea' eta Tadeo Jones filmak, Herriko Antzokian

Asier Orbea Ostolaza

Urteko filmerik arrakastatsuenetarikoa izaten ari den La Odiseak eta Tadeo Jones sagaren laugarren filmak osatuko dute asteburuko zine karteldegia Elgoibarko Herriko Antzokian.

Christopher Nolan zinemagile britainiarraren azken lana izango da ikusgai barikutik astelehenera bitartean Elgoibarko Herriko Antzokiko zine pantailan. Homeroren kontakizunean oinarrituta dago Nolanen La Odisea, fantasia eta akzioa uztartzen dituen ia hiru orduko filma (+12 urte 172´). 

Troiako gerraren ondoren, Odiseo mitikoak Itakan duen etxerako itzulera bide luzeari eta arriskutsuari ekingo dio. Han, Penelope emaztea eta Telemako semea izango ditu zain; tronua lortu nahi dutenen aurrean erresuma babesten arituko dira Penelope eta Telemako. Alabaina, itzulera bidea epopeia mitikoa bihurtuko da, eta jainko etsaiei zein izaki mitologikoei aurre egin beharko die Odiseok. Egoera horrek bere adimena eta ausardia ez ezik, bere gizatasuna ere proban jarriko du.

Aktore ezagunek hartu dute parte pelikulan, besteak beste, Matt Damon, Tom Holland, Zendaya, Anne Hathaway edota Robert Pattinsonek.

Ordutegia
  • Urriak 16 ostirala, 19:00
  • Urriak 17 larunbata, 19:00 // 22:15
  • Urriak 18 igandea, 19:00
  • Urriak 19 astelehena, 21:00

 
Tadeo Jones y la lámpara maravillosa filma, umeentzako

Domekan, berriz, 'Tadeo Jones y la lámpara maravillosa' animaziozko filmaz (Espainia, 2026) gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek. 16:30ean hasiko da 94 minutuko iraupena duen filma. Sagaren laugarren filma den honetan, Tadeo eta Sara Olimpia izeneko bi urteko alaba baten guraso dira orain. Hala ere, Momia ez dago batere pozik, jada ez baita etxeko arreta-gune nagusia. Momiak, jeloskor, lanparari desio bat eskatuko dio: denboran atzera bidaiatzea, bera gaztea zen eta denek maite zuten garaira. Tadeok eta Sarak historia alda ez dadin eragotzi beharko dute.

Sarreren prezioak:
  • Sarrerak: arrunta 5 €. Arrunta online 4,5 €. Gazte-txartelarekin: 3 €.
  • Astelehena, ikuslearen eguna: sarrera 3 €. Ez dira bonuak zigilatuko.
  • 18 urtetik beherakoak: larunbateko 19:00etako saioa eta igandeko 16:30eko saioa: 3 €.
  • Haurrentzako emanaldia: haurrak 3 € / nagusiak 5 €.
  • 65 urtetik gorakoak: 3 €.

 

Bad Apples, zineklubean

Urriaren 21ean, asteazkena, Bad Apples izeneko filma eskainiko du Ongarri zine-klubak, 21:00etan. 

Thriller generoko filma da Jonatan Etzle zinegile suediarraren bigarren film luzea den hau, non Saoirse Ronan aktorea da Maria protagonista, 11 urteko ikasle gatazkatsu bati aurre egin beharko dion irakasle bat. Ibilbide profesionala jokoan duela ikusiko du Mariak, ume baten jokabide txarrek egoera kontrolaezin bihurtzen dutenean. Erabaki txar batzuk hartzen ditu Mariak, eta "sagar ustela" etxera eramaten du, eta bertan giltzapetuta uzten du.